EB Europako Batasunak ez du berehalako bilerarik eginen Norvegiako sarraskia aztertzeko, eta irailaren 22ra arte itxarongo du. Orduan elkartuko dira batasuneko herrialdeetako Barne eta Justizia ministroak. EBko Barne bozeramaile Michele Cerconek jakinarazi du bilera horretan Europako Batzordeak «muturreko ideien zabalpena» borrokatzeko asmoz sortutako «sare» bat aurkeztuko duela. Ekimen hori irailaren 22a baino lehen sortua egonen dela erran du Cerconek, Barne eta Justizia ministroek bilera horretan aztertu dezaten haren hastapena. Eskuin muturraren aurkako neurriak berehalakoan hartzeko eskariak, baina, Europa osotik zabaldu dira. Alemanian, adibidez, sozialdemokratek eta berdeek neonazien aurkako jarrera gogortzeko eskatu diote gobernuari. EBk talde islamistengan paratu du bere arreta nagusia orain arte, eta eskuin muturra lehenetsitako mehatxuetatik at utzi du.
Cercone bozeramaileak azaldu du irailaren 22an «erradikalizazioaren, xenofobiaren eta muturreko ideien inguruan» eztabaidatuko dutela batasuneko 27 herrialdeetako Barne eta Justizia ministroek. Norvegia ere gonbidatu dute bilerara —EBko kidea ez den Eskandinaviako herrialde bakarra da—. Bertan aurkeztuko duten «sare» horri dagokionez, berriz, Cerconek azaldu du «populismoa eta demagogia» geldiarazteko «ekintzak eta tresnak» prestatuko dituela Europako Batzordeak, etorkinen eta «zenbait etnia eta erlijioren» aurka «mezu negatiboak» zabaltzeko arriskua dagoelako. Heldu den urterako, berriz, ministroen konferentzia bat antolatuko du Europako Batzordeak «erradikalizazioaren prebentzioaren inguruan».
Islamismoari begira
EBren jarrerak, baina, eztabaida sortu du hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, eskuin muturraren mehatxuari ia ez dio jaramonik egin orain arte, eta muturreko islamismoan paratu du arreta nagusia. Horrek azaldu lezake Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europako mendebaldean izandako bigarren sarraski handiena gertatu ondotik larrialdi bilerarik ez egitea. Eraso handiena gertatu ondotik, baina, terrorismoaren aurkako estrategia bateratua indarrean jarri zuen EBk. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ondoren izan zen. Europol agentziak 2010ean egin zuen azken txostena. Bertan, «terrorismo islamikoa» aipatu zuen Europako mehatxu nagusi gisa. Eskuin muturrari, berriz, ia ez zion aipamenik egin —Hungariako eraso saiakera batzuk soilik—.
Norvegiako sarraskiaren ondoren, Europolek 50 agente izanen dituen talde bat eratu nahi du, iparraldeko herrietan «jatorri islamikoa ez duten mehatxuak» ikertzeko. EBko Poliziak koordinatzeko agentzia da Europol, baina praktikan estatu bakoitzak indarkeria politikoari aurre egiteko irizpide propioak erabiltzen ditu.
Zalantzazko adibideak
Bertzetik, EBk «populismoa eta demagogia» borrokatzeko nahia agertu, eta etorkinen eta gutxiengo etnikoen eta erlijiosoen defentsa aldarrikatu arren, hainbat estatuk arlo horretan izandako jarrera zalantzagarria izan da. Adibide argienak Frantzia eta Italia dira. Nicolas Sarkozy presidenteak Errumaniako eta Bulgariako ijitoak kanporatzea erabaki zuen iaz, nahiz eta horiek EBko herritarrak izan. Hagitz jarrera gogorra hartu zuen Sarkozyk. Horren adibide, Viviane Reding Justizia komisarioaren kritikei emandako erantzuna. «Har ditzala ijitoak Luxenburgok» —Reding Luxenburgokoa da—.
Italian, berriz, Silvio Berlusconi lehen ministroak behin baino gehiagotan izan du etorkinen gaia ahotan. Iragan maiatzean, adibidez, Milango hauteskundeen harira, ezkerrak irabaziz gero hiriak «islamizatzeko arriskua» zuela adierazi zuen. Horrez gain, Roberto Maroni Barne ministroak gogortu egin du migrazio politika. Libiatik errefuxiatuak zeramatzaten hainbat itsasontziri buelta ematea agindu die haren ministerioak, otsailean gerra hasi zenetik. Lega Nord alderdikoa da Maroni. Etorkin musulmanak hartzearen aurka behin baino gehiagotan adierazpenak egin ditu alderdi horrek.
Europako alderdi kontserbadore handiek, oro har, anitz gogortu dute immigrazioarekiko jarrera, baina era nabarmenagoan eskuin muturrean dauden alderdiek ere ordezkaritza badute Europako Parlamentuan. 2007an horietako 23k talde propioa sortu zuten, Nortasuna, Tradizioa, Burujabetza deitutakoa. Urte berean, baina, taldea desegin zuten barne desadostasunak zirela eta. Frantziako FN Fronte Nazionala, Herbehereetako Askatasunaren Alderdia, Hungariako Jobbik, DF Daniar Herriaren Alderdia eta Benetako Finlandiarrak dira gaur egun ordezkaritza duten eskuin muturreko alderdi batzuk.
Europako Parlamentuan gutxiengoan daude alderdi horiek, baina EBko politikari eragiteko badute ahalmena. Danimarkako DFren kasua da hori. Hango alderdi kontserbadorearen gobernua sostengatzen du DFk, eta haren eragina nabaria da, batez ere immigrazio politikan. Horren adibidea izan zen Danimarkak iragan maiatzean aduanak berrezartzeko hartutako erabakia. Schengengo Itunaren krisia sorrarazi zuen horrek. Frantziak eta Italiak Tunisiako errefuxiatuen harira edukitako ika-mikak ere tentsioa sortu zuen itunaren sinatzaileen artean.
Hildakoen zerrenda
Norvegian bertan, berriz, Poliziak atzo argitaratu zuen Utoyako tiroketan eta Osloko leherketan hildakoen zerrenda. Utoyako sarraskian izandako jokabideagatik Poliziak jasandako kritiken harira, Gobernuak erabateko sostengua agertu dio. Justizia ministro Knut Storbergetek adierazi du Poliziak «ezin hobe» jokatu zuela. Uhartera beranduegi ailegatzea leporatu zaio Poliziari, eta hildakoen kopurua aldatzeagatik ere kritikak jaso ditu —93tik 68ra jaitsi zuen—. Anders Behring Breivik ustezko erasotzaileari dagokionez, berriz, espetxean zaintza berezia paratu diote, bere buruaz bertze egin ez dezan.
Norvegiako sarraskia
EBk ez du Norvegiako erasoaren inguruko larrialdi bilerarik eginen
Irailaren 22an elkartuko dira batasuneko Barne eta Justizia ministroak; «muturreko ideien» aurkako «sare» bat sortuko duteNorvegiak erran du Poliziak erasoari emandako erantzuna «ezin hobea» izan dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu