Montenegroren independentziaren aldekoen garaipena berretsi egin du Legebiltzarraren Erreferendumerako Batzordeak. Igandean bozkalekuak itxi ondoren ia 36 ordu behar izan dira azkenean emaitzak jakiteko. Independentistek botoen %55,50 lortu dituzte, EBEuropako Batasunak garaipena zilegitzat jotzeko eskatzen zuen portzentaia baino puntu erdi bat gehiago. Unionistek bozen %44,50 berenganatu dituzte. Serbiak emaitzak onartu ditu.
Suspentsea atzo goizean bukatu zen. Legebiltzarraren Erreferendumerako Batzordeko buru Frantisek Lipka eslovakiarrak prentsaurrekoa deitua zuen zortzi eta erdietan azken emaitzak jakinarazteko. «Seguru zaude azkenean datuak emango dizkiguzula?», galdetu zion mahaian eseri bezain laster kazetari batek. «Saiatu egingo naiz», erantzun zuen ironiaz.
Erreferenduma igande gaueko bederatzietan bukatu zenetik ez zegoen behin betiko daturik. Arrazoia hauxe zen: Podgorica hiriburuko 37 bozkalekutan independentistak eta unionistak ez ziren ados jarri botoen zenbaketan, eta ez zuten emaitzen txostena sinatu, ezta Batzordeari bidali ere. Lipkak berak bozkalekuz bozkaleku joan behar izan zuen txostenak jaso eta aztertzeko. Guztira 19.000 boto ziren.
Batzordeko burua parte-hartzaile kopuruari buruzko datuak ematen hasi zen. Guztira Montenegroko 484.718 herritarrek zuten boza emateko eskubidea, eta haietako 419.236 lagun joan ziren bozkalekuetara, %86,49 orotara. Horrekin erruz gainditzen zen Bruselak independentzia onartzeko jarritako lehen baldintza: parte-hartzea gutxienik %50ekoa izatea.
BOTOEN GEOGRAFIA. Gero, emaitza orokorrak azaldu zituen Lipkak. Eta emaitzek bigarren baldintza ere bete zuten. Independentistek 230.711 boto eskuratu zituzten, guztien %55,50. Batasunaren aldekoek 184.954, hau da, boto guztien %44,50. Europako Batasunaren arabera, independentziaren aldeko botoak %55etik gorakoa izan behar zuen.
Botoen banaketa espero bezalakoa izan zen. Iparraldean, Serbiako muga aldean, batasunaren aldekoak nagusitu ziren. Andrijevican boto-emaileen %72k ezezko botoa eman zuten. Pluzine herri txikian ere Bosnia-Herzegovinako mugaren ondoan dago ezezkoak %75,70 lortu zituen. Baiezkoaren aldeko portzentaia handienak hegoaldean izan ziren. Ulcinjen, Albania ondoko mugan, %88,50 lortu zituzten independentistek. Cetinje hiriburu historikoan botoen %86,30 baiezkoak izan ziren.
Podgoricako 37 bozkalekutako botoak zenbatzeko lanean goizeko laurak arte jardun zuen Frantisek Lipkak. Urrezko botoa deritzona erabili zuen azken erabakia hartzeko. Urrezko botoa batzordeko buruaren eskumen berezia da, auzi baten inguruan zalantzan edota ezadostasunak daudenean. Halako kasuetan hark du azken hitza.
Erreferendumerako Batzordeko buruak nabarmendu zuenez, behin betiko datuak izan arren, asteburua arte itxaron beharko da guztiz baieztatu arte. Datuak jakinarazi bezain laster alde guztiek 72 orduko tartea dute helegiteak aurkezteko. Ondoren, Konstituzio Batzordeak kexa horien inguruan erabaki behar du 24 orduko epean. Denbora hori larunbata arte luza daiteke, beraz.
Lehen zenbaketen ondorioz, astelehenean inor gutxik espero zuen hiriburuko 19.000 botoek independentismoaren garaipena geldiaraziko zutenik. Unionistek, hala ere, boto horiek ez ezik boto guztiak berriro ere zenbatzeko eskatu zuten ohar baten bidez. Ustezko kexu hori, hala ere, ez zioten ofizialki Erreferendumerako Batzordeari bidali eta, beraz, ez da kontuan hartu. Lipkaren ustez, irregulartasun edo gorabehera aipagarririk ez zen izan.
EB-REN ONESPENA. Europako Batasunak emaitzak errespetatuko zituela jakinarazi zuen atzo Austriak, EBko oraingo lehendakariak. Brusela Montenegrorekin zuzen-zuzenean negoziatzen hasiko dela adierazi zuen Hedapenerako komisario Olli Rehnek. Europako Batasunak «elkarrizketa zuzena» egiteko eskatu die bai Belgradi bai Podgoricari, «jarraitu beharreko bidea» zehazteko.
EBn sartzea independentisten helburu nagusietako bat da, eta horixe aipatu dute behin eta berriro erreferendumaren kanpainan. Brusela eta Belgrad negoziazioetan hasi ziren, baina prozesua eten egin da. Serbiak Ratko Mladic Bosniako jeneral serbiarra eta ustezko gerra kriminala Hagako Nazioarteko Auzitegiaren eskuetan uztea nahi du Bruselak. Belgradek, alta, ez du hori egin orain arte. Montenegro horren ondorioak pairatzen ari da.
Serbiako presidente Boris Tadicek emaitzak onartzen zituela esan zuen atzo. «Jakina denez, nik estatu komuna mantentzearen aldekoa naiz, nire ustez modurik onena delako elkarrekin Europako Batasunean sartzeko», adierazi zion Tadicek Fonet agentzia serbiarrari. «Hala ere, demokrata naiz, eta herri demokratiko bateko presidentea, eta horregatik guztiz prest nago Montenegroko herritarren erabakia errespetatzeko». Vojislav Kostunica lehen ministroak ere emaitzak errespetatuko dituela adierazi du. Adierazpen gehiago ez zituela egingo zehaztu zuen.
EBk Montenegrorekin negoziatuko du, independentziak irabazi eta gero
Banantzearen aldekoek botoen %55,50 lortu dute galdeketan eta Serbiak emaitzak onartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu