EBk ukatu egin du etorkinak banatzeko Italiaren eskaria
Tunisiatik Italiara ailegatutako 20.000 etorkin baino gehiago EB Europako Batasuneko herrialdeetan banatzeko eskaria egin du Erromak, baina gainerako kideek ezezkoa eman diote. Horrek tentsio handia sortu du, batez ere Italiaren eta Frantziaren artean. Frantziako Barne ministro Claude Gueantek jakinarazi du Italiatik ailegatutako Tunisiako etorkin guztiak berriz ere Italiara bidaliko dituztela —1.700ekin hori egin dute jada—. Roberto Maroni Italiako Barne ministroak, berriz, EBk lagundu ez izana kritikatu du. «Neure buruari galdetzen diot ea zentzurik duen EBko kide izaten segitzeak». Apirilaren 4tik aitzinera iritsitako etorkinak atzera Tunisiara aberriratzen ditu Italiak, hango gobernuarekin lortutako akordio bati esker. Egun hori baino lehen ailegatutako 20.000 ingururi, baina, Italian bizitzeko aldi baterako baimena eman zien Erromak, horrek Schengen eremuan mugitzeko baimenduko zituelakoan. Gainerako kideek, ordea, ez dute hori onartu, eta batzuek mugako kontrolak areagotu dituzte. Maltaren eskaria, ordea, onartu egin du EBk. Libiatik ailegatutako 900 errefuxiatu daude han, eta horiek gainerako kideen artean banatzea onartu dute, bi arrazoi argudiatuta: gerrako errefuxiatuak direla eta Maltak horiek hartzeko baliabide eskasak dituela. EBko kideek migrazioak bideratu eta kanporatzeak erraztu nahi dituzten arren, ehunka lagun itsasoratzen dira egunero Afrika iparraldeko egoeratik ihesi. Italiako Lampedusa irlara 650 etorkin iritsi ziren atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu