Libiako gatazka hasi zenean, urte hasieran, EB Europako Batasunak aktiboak blokeatu zizkien herrialdeko erakunde ugariri, erregimena estu hartzeko. Orain, nazioarteak bukatutzat eman du Muammar Gaddafiren garaia, eta 28 erakunderi zigorra bertan behera uztea erabaki du EBk. Neurri horrekin, Libiako ekonomia «suspertu» nahi du, eta Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari «baliabideak» eman nahi dizkio herrialdea berreraikitzeko.
Erabaki horrekin eman diote hasiera EBko Atzerri ministroek bi egun iraungo duen bilerari. Atzo hasi zen Polonian, eta gaur amaitzekoa da. Libiako trantsizioan jokatu beharreko paperaz arituko dira, besteak beste. Enpresa batzuei zigorrak kentzeaz gain, ekonomia berpizten, demokrazia ezartzen eta segurtasuna garatzen lagunduko diela agindu dio EBk Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari.
Jarraipena eman nahi izan diote hala ostegunean nazioarteko indarrek Parisen izan zuten bilerari. Gaddafiren erregimenari blokeatutako 10.556 milioi euro—35.200 milioi euro inguru ditu blokeaturik nazioarteak— erreboltarien esku uztea erabaki zuten bilera horretan, «Libiako agintariek herritarren beharrak ase ditzaten, eta herrialdea berreraikitzen has daitezen». NBE Nazio Batuen Erakundea izango da nazioartearen laguntza kudeatzeaz arduratuko dena. NATOk, bestalde, martxoan hasitako misioarekin jarraituko du. «Borroka ez da oraindik amaitu. NATOk lanean jarraituko du zibilak babesteko, beharrezkoa den bitartean», adierazi du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak.
Gero eta babes handiagoa ari da lortzen Trantsiziorako Kontseilu Nazionala nazioartean; 60 herrialdek onartu dute dagoeneko. Afrikako herrialde askok, ordea, ez dute begi onez ikusten matxinoek agintea hartzea. Azken egunotan, izan ere, Saharaz hegoaldeko milaka etorkin atxilotu dituzte erreboltariek, Gaddafiren mertzenario izatea egotzita. Osteguneko bilkuran etorkinak babestuko zituela agindu zuen Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak.
Hauteskundeak, bi urte barru
Nazioartearen babesa eta onarpena ezinbestekoa zaizkie matxinoei Libiako agintea arazorik gabe hartzeko. Oposizioaren agintaldia, dena den, ez da behin betikoa izango, trantsizio prozesuak iraun artekoa baizik. Guma al Gamati Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko ordezkariak azaldu duenez, zortzi hilabete barru batzorde bat aukeratuko dute. Batzorde hori urtebetez egongo da agintean, eta, bitarte horretan, konstituzio berria idatziko du. Hala, hogei hilabeteren buruan hauteskundeak egitea da erreboltarien asmoa, konstituzio berria errespetatuz. Libiako armada, berriz, erregimenaren aurka altxatutako militarrek eta erreboltariek osatuko dute aurrerantzean. «Denek alde berean egin dute borroka, eta orain elkarrekin jarraituko dute», adierazi du Omar al Hariri jeneralak.
Trantsizio prozesu hori martxan jartzeko, Gaddafi harrapatu behar dute lehendabizi. Diktadoreak, ordea, ez du amore emateko asmorik. Bere ahotsa gehiago entzun ez arren, borrokan jarraitzeko eskatu zien bere aldekoei ostegunean, audio grabazio baten bidez.
Erreboltariek astebeteko epea eman diete Gaddafiren jarraitzaileei, mendean dituzten hiriak uzteko, baina oraindik ez dute errenditzeko zantzurik erakutsi. Surt hirian borrokek diraute, eta erreboltari bat hil zuten ostegun gauean, oposizioaren arabera. «Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak astebetez itxaron behar dugula esan digu, erasorik egin gabe, baina Gaddafiren aldekoak etortzen badira gure burua defendatuko dugu», adierazi du matxino batek, Surtetik gertu dagoen kontrol postu batean. NATOk, berriz, Surt, Bani Ualid eta Uaddan inguruak bonbardatu ditu.
Zailtasunak eriak artatzeko
Etorkinen egoera —Saharaz hegoaldekoena, batez ere— zaila da Tripolin, OIM Migrazioen Mundu Erakundearen arabera. Atxilotuko edo hilko dituzten beldur, asko ez dira kalera ateratzen. Dagoeneko 1.600 etorkin baino gehiago atera ditu OIMek Tripolitik, itsasoz. Ospitaleetan, berriz, egoera hobetu bada ere, langileek oraindik ez dute gaixoak artatzeko behar adinako baliabiderik, Gurutze Gorriaren arabera. Mediku eta erizain askok, gainera, trabak dituzte lanera joateko.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
EBk zigorra kendu die Libiako 28 erakunderi
Nazioartearen babesa jaso dute matxinoek, eta agintean egongo dira zortzi hilabetez; batzorde batek konstituzioa idatziko duErregimenari blokeatutako 10.556 milioi euro erreboltarien esku utziko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu