Europako Batzordeak EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegian salatu du Hungaria, herrialdeko konstituzio berriko hainbat puntu batasunaren zuzenbidearekin bat ez datozelako. Budapestek esan du Justizia Auzitegian bere arrazoiak aurkeztuko dituela eta epaileek ebatzitakoa onartuko duela. Konstituzioaren erreformek herrialdeko Justiziaren eta datuen babeserako agintaritzaren independentzia urratzen dutela uste du Bruselak.
Urte hasieran sartu zen indarrean Hungariako Konstituzio berria eta Europako Batzordeak hiru zigor prozedura ireki zizkionherrialdeari. Hiru lege aldatzeko eskatu zion: Banku Zentralarena, justiziarena eta Datuen Babeserako Legea. Hiru erakundeen independentzia arriskuan zegoela ebatzi zuen EBk. Dena den, Banku Zentralaren auzian Hungariako Gobernuak independentzia bermatzeko aurkeztu dituen konpromisoak ontzat eman ditu EBk, eta kasua ixteko prest dagoela jakinarazi du.
Justiziaren lege berriak 70etik 62 urtera jaitsi die epaileei erretiroa hartzeko adina. Legea aurten sartuko da indarrean, eta horregatik EBko Justizia Auzitegiari auzia «urgentziaz» aztertu dezala eskatu dio Bruselak. Erretiratze adina aurreratuta 250 epaile kendu eta agintean den Fidesz alderdiaren ildoko epaileak jartzea ekarriko duela uste dute batasuneko komisarioek.Datuen Babeserako Legeari dagokionez, halaber, Budapestek hainbat hobekuntza egin dituela adierazi du EBk. Dena den, 2014a bitartean datuen babeserako erakundeko presidente izan behar zuena kanporatu izanak EBko zuzenbidea urratzen duela dio Bruselak.
Viktor Orban Hungariako lehen ministroak herenegun aurreratu zuen auzi horiek EBko Justizia Auzitegian amaitu zezaketela. Gobernuaren jarrera azaltzeko aukera ere eskatu zuen.
Europako Batzordeak, bestalde, Hungariari finantza laguntza helarazteko negoziazioak hasiko dituela iragarri du. NDF Nazioarteko Diru Funtsari eta EBri 20.000 milioi euro bitarteko mailegua eskatuko dio Budapestek.
EBko Justizia Auzitegian Hungaria salatu du Bruselak, lege erreformengatik
Europako Batasunaren zuzenbidearekin bat ez datozen puntuak aldatzeko konpromisoa hartu du Budapestek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu