Europako Batasunean sartzearen aldeko hainbat gizarte talde biltzen dituen Letoniako Europaren aldeko Mugimendua gobernuz kanpoko erakundeko kidea da Maris Novik. Herrialde bizilagunekin elkarlan egitasmoak bultzatzeko garrantzia nabarmendu du.
EBn sartzeari baietza ematearen aldeko kanpaina egin duzue. Zergatik?
Guk erreferendumaren aurretik egin genuen kanpaina Letonian egin diren ekimenetako bat izan da. Gure zeregina jendea informatzea izan da. Horrekin batera, EBko kideekiko elkarlan egitasmoak bultzatzea izan da nire zereginetako bat. Letoniak interes handia du bizilagun berriekin harremanak sakontzeko.
Ezetza eskatu zutenen arabera, Letoniaren egoera ekonomikoa okertuko da EBn sartzean. Ados zaude?
Ez, uste hori erabat okerra da; ezerk ez du hori iradokitzen. Argi dago EBn sartzeak aldaketa batzuk ekarriko dituela energia arloan eta energiaren prezioan. Baina, bestetik, egonkortasuna eta inbertsioak ekarriko ditu.
Zein dira EBko kide izatearen abantaila eta desabantailak?
Abantaila nagusia izango da Europako mapara itzuliko garela berriro. Inoiz ez ginen atera, okupatuta egon ginen besterik gabe. Desabantailak aurkitzea zaila da. Euroeszeptikoek diote subiranotasuna galduko dugula; EBko legeek ordezkatuko dituztela Letoniako egungo legeak.
Zein urrats egin ditu Rigak errusiarren integrazio arazoa konpontzeko?
Letoniak herritartasun legea dauka. Edonork eska dezake, zenbait baldintza betez. Jende askok lortu du, batez ere belaunaldi gazteenek. Arazoa da beste askok ez dutela herritartasuna lortu nahi, errusiera ere hizkuntza ofiziala izatea eskatzen dute eta ez dituzte Errusiarekiko harremanak moztu nahi. Errusierazko telebista eta egunkariak ere indartsuak dira. Aukerak izan dituzte, baina ez dute interes handirik eduki baldintzak betetzeko. Eta baldintzak onargarriak dira, ezdira baztertzaileak.
Arazoa konponduko da datorren maiatzetik aurrera?
Bai, aldaketa batzuk gertatu dira jadanik. Jendeak interes handiagoa baitu Europako Batasuneko herritartasuna lortzeko. EBko beste herrialde batzuetara aske mugitzeko... Hala ere, oraindik ere handia izango da herritartasunik ez duten herritarren kopurua.
EUROPAKO BATASUNEKO KIDE BERRIAK. MARIS NOVIK .
«EBko kide izatearen abantaila da Europako mapara itzuliko garela berriro»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu