Egoera koordinatzen laguntzeko bidaliko dituzte AEBek militar gehiago; horrez gain, gaitzaren tratamendurako hamazazpi zentro eraikiko dituzte, eta osasun arloko 500 langile trebatu. 600 milioi dolar arteko laguntza eman dezake. Barack Obama AEBetako presidenteak uste du planak "bermatu" egingo duela nazioartearen erantzuna "eraginkorra" izatea.
Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, dagoeneko 2.500 lagun baino gehiago hil dira Afrika mendebaldean ebolaren ondorioz; kutsatutakoak, berriz, 5.000 dira.
Egoera horren aurrean, larrialdiko bilera egingo du gaur Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak. Indarrak batu eta eman beharreko erantzunaz ariko dira; erakundeak kalkulatu du 1.000 milioi euro beharko direla ebolari aurre egiteko —duela hilabete kalkulatu zuena baino hamar aldiz gehiago—.
Valerie Amos NBEko Giza Gaietarako idazkari nagusiak ohartarazi du osasun sistema "erabat kolapsatu" daitekeela. Haren arabera, beste gaixotasun batzuk —malaria eta tuberkulosia, esaterako— dituzten zenbait gaixo hiltzen ari dira, beharrezko tratamendua jasotzen ez dutelako.