MEXIKO

Echeverria presidente ohia genozidio delituengatik epaitu ahal izango dute

Litekeena da Mexikoko historiako lehen presidente auzipetua izatea

Erredakzioa
2005eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Mexikoko Auzitegi Gorenak Luis Echeverria Mexikoko presidente ohia genozidio delituengatik epaitzeko lehen urratsak egin ditu. Echeverria 1971. eta 1968. urteetan izandako ikasleen hilketengatik epaitu ahal izango dute. Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera, izan ere, delitu horiek ez dira preskribatu. Mario Moya Barne ministro ohiaren delituak ere ez direla preskribatu erabaki du Auzitegi Gorenak. Echeverria auzipetutako Mexikoko historiako lehen presidentea izan daiteke.

Ignacio Carrilo fiskalari, ildo horretan, arrazoia eman dio Gorenak. Carrillo orain dela hiru urte ari da presidente ohia auzipetu nahian. Baina, auzipetuko balute ere etxe barruko atxiloketa betetzera bakarrik egongo zen behartuta, egun 83 urte dituelako.Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, epaileari auzia itzuliko diote Fiskaltzak dituen frogekin Echeverria eta Moya errudunak diren ebazteko. Luis Echeverria Barne ministroa izan zen Gustavo Diaz Ordaz Mexikoko presidentea izan zenean. Poliki-poliki indarra hartzen hasi zen eta 1970etik 1976ra presidentetzara heltzea lortu zuen. Urteotan ustez ezkertiarrak zirenen kontrako «gerra zikina» egin zen Mexikon.

Ikasleen hilketak

1968ko urriaren 2an, Barne ministroa zenean, milaka ikaslek manifestazioa egin zuten ustelkeriaren eta bidegabekerien aurka eta segurtasun indarrekin izandako istiluetan 40 bat lagun hil ziren. Urte batzuk beranduago, 1971. urtean, Echeverria presidente zela, ikasleek beste manifestazio bat egin zuten. Lekukoen arabera, mobilizazioa segurtasun indarrek eta talde paramilitar batek zapaldu zuten. Liskarretan 40 lagun hil ziren eta ehunka lagun zauritu zituzten.

2004ko uztailean, Iraganeko Mugimendu Sozial eta Politikoen Fiskaltza Bereziak Echeverriaren eta beste hamaika inplikaturen atxilotzea eskatu zuten. Hala ere, epaileak eskaera ukatu eta kasua itxi zuen, genozidio delitua preskribatuta zegoela argudiatuz. Mexikok egindako nazioarteko itunen arabera, baina, genozidio delituek ezin dira inoiz preskribitu.Luis Echeverria presidente ohia hilketak agintzeagatik epaituko dute. Hala ere, Juan Velazquez Echeverriaren abokatuaren arabera, jazarpena eta liskarrak egon ziren arren, ez zuten hilketa politikarik aurrera eraman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.