Espainiako Estatuak Generalitatearen hauteskunde sistemaren kontra egin dituen erasoak salatu ditu Jordi Turull Kataluinako Gobernuko bozeramailleak. Erasoak eraso, erreferenduma "bermeekin" egiteko modua izango da Turullen esanetan, nahiz eta ez den egingo Generalitateak "nahiko lukeen" moduan.
Hala, dagokien bozkalekua itxia duten herritarrek beste edozeinetan bozkatzeko aukera izango dute, errolda unibertsalaren sistemari jarraikiz. Horretarako, Generalitateak sistema elektroniko gehigarri bat erabiliko du, erroladaren kontrola eramateko ohiko sistemaz gain. Sistema horren bidez, mahiako kideek errolda osoa kontsultatzeko aukera izango dute, bozkatzaileak aurretik botoa eman ez duela ziurtatzeko.
Kataluniako Gobernuaren helburua da kataluniar "guztiek bozkatzeko aukera izatea, bozkaleku bakar batek irekita jarraitzen duen artean".
Horrez gain, Generalitateak iragarri du kartazalik gabe bozkatzeko aukera izango dutela herritarrek. Guardia Zibilak atzeman duen hauteskunde materiala ordezkatzeko, Kataluniako Gobernuak botopaperak ekoiztea lortu duela adierazi du Turullek, baina ez duela erdietsi gutunazalak ekoiztea. Azaldu duenez, posible izango da botopapera tolestuta bozkatzea.
Turullek ziurtatu du botopaperak izango direla bozkaleku guztietan, eta etxean inprimatutako botopaperak ere balekoak izango direla azaldu du, eredu ofizialekoak baldin badira.
Bestalde, Kataluniako Gobernuak jakinarazi du erreferrendumaren garapenari errepartuko diola zuzenbide alorreko akademiko eta aditu talde batek.