Turkia, Alemania eta Greziak egindako eskaerari erantzunez egin du iragarpena AEBetako Defentsa idazkari Ashton Carterrek. Hau da, NATO prest legokeela Egeo itsasora patruila bereziak bidaltzeko. Talde horien helburua litzateke geldiaraztea Turkiatik Greziara errefuxiatuak eramaten dituzten giza trafikatzaileak.
Erakundeko buru Jens Stoltenbergek, ordea, zehaztu du patruilen xedea ez dela izango errefuxiatuak euren etorritako tokira itzularaztea. "Giza trafikoa amaitzeko beharrezkoa den informazioa bilduko dute. Era horretan, giza tragedia hobeto kudeatu ahalko dute estatuek". Stoltenbergek iragarri du "berehala" jarriko direla martxan patruilak, eta elkarlanean arituko direla Grezia eta Turkiako kostazainekin.
"Pertsonen biziak daude arriskuan, eta, beraz, azkar erantzun behar diogu laguntza eskaerari", nabarmendu du Carterrek. Haren esanetan, "arazoari aurre egitea" da giza trafikoa amaitzeko modu bakarra.
NBEren errefuxiatuentzako agentziaren arabera, urtea hasi denetik 75,000 iheslari heldu dira Greziara itsasoz.
Epaiketa
Giza trafikoaz akusatutako bi pertsona epaitzen hasi dira Turkian. Besteak beste, Greziako hondartza batean agertu zen hiru urteko haurra eta beste lau errefxiaturen heriotza leporatzen diete.
Aylan Kurdi hiru urteko haurraren argazkia mundu osora zabaldu zen, errefuxiatuen tragedia komnikabideetako lerroburu bihurtuz.