Gazako mugako Rafaheko igarobidea bi egunez irekitzeko agindu du Egiptoko Gobernuak. Gazako mugen zuzendari Mahir Abu Sabhak azaldu du pasabidea bi egunez —atzo eta gaur— «bidaiari guztientzat» egongo dela zabalik eta gero itxi egingo dutela. Kairok ez du jakinarazi berriz noiz irekiko duten. Mena Egiptoko berri agentziak jakinarazi duenez, berriz, Egipton zeuden palestinarrak euren lurraldera itzultzeko baino ez dute zabaldu Rafaheko muga. Saudi Arabiatik itzuleran zetozen erromes palestinarrek eta beste herritar batzuek Gazara itzuli nahi dutelako erabaki du Egiptok muga zabaltzea, Menaren arabera. Agentziak azaldu du «kasu humanitarioetan» soilik zabalduko dutela.
Igarobidea joan den igandean itxi zuten, talde armatu batek Rafaheko postu militarrari eraso egin eta hamasei polizia hil ostean. Gazako lehen ministro Ismail Haniyehek herenegun eskatu zion Mohamed Mursi Egiptoko presidenteari berriz irekitzeko. Haniyehen arabera, «Gaza egonkortasunerako bide bat soilik da Egiptorentzat». Rafaheko igarobidea ehunka palestinarrek erabiltzen dute. Izan ere, lurralde palestinar okupatuetatik irten eta sartzeko Israelek kontrolatzen ez duen bide bakarra da.
Bestalde, igandeko erasoarekin lotura dutelakoan, Egiptoko segurtasun indarrek jakinarazi dute Sinain ustezko sei «terrorista» atzeman dituztela. Atxiloketan Poliziak eta armadak hartu dute parte, eta sei atxilotuak Egiptokoak direla adierazi dute.
Beduinoak, laguntzeko prest
Atxiloketa hori Arrano operazioa delakoaren barruan dago. Joan den asteazkenean abiatu zuen armadak erasoaldi militar hori, Sinain, eta helburua Sinain dauden talde armatuak kanporatzea eta igandeko erasoaren erantzuleak atzematea da. Horretarako, auto blindatuak, borrokarako hegazkinak, tankeak zein suziri jaurtigailuak baliatzen ari da armada. Horrez gain, Ahmad Gamal al-Din Egiptoko Barne ministroa Sinai iparraldeko tribu beduinoekin bildu zen herenegun, eta erasotzaileak atzematen laguntzeko eskatu zien.
Beduinoek onetsi egin dute armadak Sinain abiatutako erasoaldi militarra, eta erasotzaileak topatzen laguntzeko prest agertu dira. Al-Rixad tribuko kide Xeikh Atef Zajedek adierazi du lagundu egingo diotela armadari, «Egiptoren segurtasuna Sinairen segurtasuna ere badelako». Horrez gain, beste tribu bateko buruzagiak, Eid Abu Marzukak, esan du bat egiten dutela Kairok Gaza eta Egipto arteko tunelak suntsitzeko hartutako erabakiarekin. Marzukaren ustez, Gazako palestinarren eta Egiptoren arteko harremana «Rafaheko mugaren bidez soilik» gauzatu behar da.
Rafahen legez kanpoko ehunka tunel daude. Urte luzez Israelen blokeoa gainditu eta produktuak lortzeko baliatu dituzte herritarrek. Baina tribuek salatu dute «arma kontrabandorako» ere erabiltzen dituztela.
Egiptok Rafaheko muga ireki du, palestinarrak Gazara itzultzeko
Egiptoko segurtasun indarrek jakinarazi dute ustezko sei «terrorista» atxilotu dituztela Sinain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu