Egipton armadak estatu kolpea eman ostean sortutako erakundeetako behin-behineko agintariekin eta Anaia Musulmanen ordezkariekin bildu dira egunotan AEBetako, Europako Batasuneko eta herrialde arabiarretako ordezkariak. Mohamed Mursi presidente kargugabetuaren jarraitzaileek kalean protestan jarraitzen duten, eta alde guztien arteko elkarrizketak sustatu nahi izan ditu nazioarteak gatazkari irtenbide bat bilatzeko. Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidenteak, baina, "ahalegin diplomatikoen aroa" amaitu dela esan du.
John Kerry AEBetako Estatu idazkariak babesa eman zion estatu kolpeari, gobernu demokrataren izenean, baina herenegun John McCain eta Lindsey Graham senatari errepublikarrek preso politiko guztiak askatzeko eta Egipton alde guztien arteko elkarrizketak hasteko eskatu zieten estatu kolpearen ostean agintean jarri dituztenei. Mansurrek "esku hartze onartezina" iritzi zion atzo eskaera horri.
Mursi presidentea uztailaren 3an atxilotu zuen armadak, eta orduz geroztiko gertakariekin kritiko agertu ziren AEBetako bi senatariak. "Agintean daudenak ez ziren aukeratuak izan, eta herritarrek aukeratu zituztenak espetxean daude", esan zuen Grahamek.
Segurtasun indarrei uztailaren 31n eman zien Egiptoko gobernuak islamisten protesta kanpalekuan husteko agindua. Ahalegin diplomatikoek iraun duten bitartean, mehatxu eta ohartarazpenak bai, baina Anaia Musulmanen eta beste talde islamisten jarraitzaileak indarrez kanporatzeko ahaleginik ez dute egin. Orain, "ahalegin diplomatikoen aroa" amaituta, ikusgai dago zer neurri hartuko dituzten armadak ezarritako agintariek.
Kanpalekuei oharra
Hazem el-Beblaui behin-behineko lehen ministroak berriz ohartarazi ditu Rabea al Adauiya eta Al Nahda plazetan mobilizatutako Mursiren jarraitzaileak: kanpalekuak "berehala" desegiteko agindu die, esanez gobernuaren "pazientzia agortzen" ari dela. Manifestariei euren etxe eta lanetara itzultzeko eskatu diete, eta "eskuak odolez zikinduta ez dituztenek" ez dutela jazarpenik pairatuko ziurtatu du. Polizia ez den eta armak erabiltzen dituen ororen aurka "indar zorrotzenarekin" egingo dutela ohartarazi du El-Beblauik.
Atzo gauean, pertsona bat hil zen Alexandrian, eta beste hainbat zauritu ziren, Mohamed Mursiren aldeko eta kontrako herritarren arteko liskarretan.