Protestak herrialde arabiarretan

Egiptoko bozetan lehiatuko dela jakinarazi du El Baradeik

Larunbateko galdeketan kontra egingo duela iragarri du politikariak ituna erabat aldatu behar dela argudiatuta

Diktaduraren amaiera ospatzeko egiptoarrek egindako elkarretaratzea, New Yorken. BERRIA.
Erredakzioa
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko epea zabaltzen denean, nire izena emateko asmoa dut». Mohamed el Baradei Bakearen Nobel sariak hitz horiekin isildu ditu orain arteko espekulazioak; izan ere,zerrenda guztietan bazegoen ere, oraindik ez zegoen erabat argibozetara lehiatuko zen —ONTV telebistari emandako elkarrizketan iragarri du bere asmoa—. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako idazkari nagusia izandakoa duela urtebete itzuli zen jaioterrira aldaketa politikoa sustatze aldera. Aldaketarako Batzar Nazionaleko kide izan da —demokrazia aldarrikatzeko hainbat alderdik osatutako koalizioa—, eta tarteka protestetan ere parte hartu du. Milioi bat sinadura bildu ostean bozetan lehiatuko dela iragarri du orain.

Martxoaren 19an egitekoa den erreferendumean, berriz, ezezko botoa emango duela aurreratu du El Baradeik; Konstituzioari ezarritako emendakinak bozkatuko dituzte egun horretan, baina, politikariaren hitzetan ituna erabat aldatu beharko lirateke demokrazia bermatuko bada; «Mubarakekin batera erori zen itun hori eta iraultza iraintzea litzateke hori bera mantentzea».

Amro Musaren eskaera

Erreferendumaren emaitzak baldintzatuko ditu hauteskundeak. Baiezkoa aterako balitz litekeena da irailean egitea, baina, data ez da ziurra. Amro Musa Arabiar Ligako idazkari nagusiak presidentetzarako bozak legebiltzarrerakoak baino lehen egitea aldarrikatu du alderdiek sendotzeko aukera izan dezaten. Konstituzioaren emendakinen edukia jakin artean galdeketan zer egingo duen ez dakiela adierazi du; dena den, lehentasuna salbuespen legea bertan behera uztea dela uste du. Musak hilabete honetan utziko du egun duen kargua eta espero da aurki baieztatzea lehiatuko dela. Al Ahram egunkariak kaleratu berri duen inkesta baten arabera, bera aterako litzateke irabazle hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.