MUNDUA

Egiptoko presidenteak proposatutako elkarrizketari uko egin dio oposizio ez-islamistak

Egiptoko oposizio ez-islamistak euren eskariak "entzun" ez dituztelako egin dio uko elkarrizketari, eta adierazi du herritarren gehiengoarentzat Mursiren hitzak "etsigarriak" direla.

2012ko abenduaren 7a
14:47
Entzun

Egiptoko presidente Mohamed Mursik proposatutako elkarrizketan parte hartzeari uko egin dio Egiptoko oposizio ez-islamistak —Salbazio Nazionalerako Fronteak—, euren nahiak ez dituztelako "entzun" ere egin. Adierazpen baten bitartez taldeak azaldu du elkarrizketa horri benetako negoziaketa baten oinarrizko osagaiak falta zaizkiola eta Frontearen eskaera nagusiei entzungor egin diela presidenteak. Euren eskariak konstituzio akta baliogabetzea eta Konstituzioaren inguruko erreferenduma ez egitea dira.

"Mursiren hitzaldia etsigarria izan zen herritarren gehiengoarentzat. Fronteak zilegi diren baliabideak erabiltzen jarraituko du eskubideak eta askatsuna defendatzeko, eta iraultzaren bidea zuzentzeko, askatasunean, justizia sozialean eta gizakiaren duintasunean oinarritutako Egipto berri bat sortzeko", adierazi du.

Gaur protestarako deia egin dute. Mursik konstituzio aktaren erabakian atzera egiteko, eta abenduaren 15ean egingo den erreferenduma ez egiteko eskatuko dute protestetan. Tarhir plazan bildu dira, duela bi astetik egunero egiten duten moduan. Horrez gain, Kairoko hainbat mezkitetatik Mursiren jauregira martxa bat egingo dute. Jauregia atzotik armadak "babestuta" dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.