Egiptoko Tahrir plaza bete dute militarren aurkako protestan

Mursik manifestariei adierazi die iraultzak aurrera jarraitzen duela; gaur presidente kargua hartuko du buruzagi islamistakIndar Armatuen Kontseilu Gorenak dio presidenteak «botere osoa» izango duela

2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Beste behin, Egiptoko hiriburuko Tahrir plaza enblematikoa leporaino bete dute herritarrek, Hosni Mubarak diktadorearen aurkako protesten garaian bezala. Junta Militarrak boterea bereganatzeko konstituzioan egin dituen zuzenketen aurka egin dute, eta legebiltzarra desegiteko aginduaren aurka. Atzokoa «boterea eskualdatzeko ostirala» izendatu zuten manifestariek. Mohamed Mursi Egiptoko presidente berria ere batu zitzaien manifestariei, kargua hartu bezperan; iraultzak aurrera jarraitzen duela adierazi zuen, jarraitzailez inguratuta. «Helburuek gidatzen dute iraultza, eta aurrera jarraituko du denak bete arte. Guztiaren gainetik, zuek zarete boterearen eta zilegitasunaren iturria. Inor ez dago zuen gainetik», adierazi zuen Mursik.

Gaur hartuko du presidente kargua buruzagi islamistak. Tahrirren, baina, karguaren zina egin zuen atzo, sinbolikoki. «Handia den Jainkoagatik zin egiten dut sistema errepublikanoa leialtasunez gordeko dudala, konstituzioa eta legea errespetatuko ditudala, eta herriaren interesak kontuan hartuko ditudala; baita aberriaren independentzia, osotasuna eta lurraldetasuna bermatuko ditudala ere», hitzeman zuen, oholtza batean igota.

Parlamentuaren aurrean egin nahi zuen karguaren zina Mursik, baina ekainaren 14an legebiltzarra desegin zuen Junta Militarrak, Auzitegi Konstituzionalaren aginduz. Hasiera batean, uko egin zion legeak agintzen duen bezala Auzitegi Konstituzionalaren aurrean kargua hartzeari, era horretan militarrek konstituzioan egin dituzten aldaketak legitimatuko lituzkeelakoan, baina haren ingurukoek esan dute azkenean amore eman duela eta konstituzionalean egingo dutela ekitaldia. «Hori Mursik eta bere lantaldeak erabaki beharreko zerbait da, baina guk espero dugu karguaren zina Auzitegi Konstituzionalaren aurrean egitea, legea errespetatuz, bigarren errepublikari hasiera emateko», adierazi du Mahmoud Hegazi Junta Militarreko kideak.

Mursiren kontrako aldaketak

Militarrak presidentearen boterea mugatzen ahalegindu direla salatu dute Anaia Musulmanek. Are gehiago, kritikatu dute hautagai islamistak presidentetzarako bozak irabaziko zituela bazekitelako egin dituztela konstituzioko aldaketak. «Jainkoagatik zin egiten dut Hauteskunde Batzordeak telebistan iragarri zuenean jakin genuela nork irabazi zituen presidentetzarako bozak», adierazi du Hegazik.

Besteak beste, Junta Militarrak duela bi aste eginiko zuzenketen ondorioz, militarren esku geratuko da botere legegilea legebiltzar berria aukeratu bitartean. Militarrek, gainera, beste hauteskunde batzuk egitea debekatu dute konstituzio berria idatzi bitartean. Eta ongi lotu dituzte gauzak Junta Militarraren ahotsa ordezkatua izan dadin herrialdearen legedi berrian ere. Legebiltzarrak aukeratu zuen Batzorde Konstituziogilea «epaileen aginduz desegin beharko balitz», Junta Militarrak aukeratuko luke berria, azaldu dutenez. Horrek hiru hilabeteko epea izango luke bere lana egiteko, eta, gero, erreferendum bidez berretsi beharko litzateke legedi berria. Hori baino lehen, ez dute berrituko desegindako parlamentua. Horrez gain, indar armatuen inguruko erabaki guztiak Junta Militarraren esku geratu dira, baita Defentsa ministroaren aukeraketa ere. Junta Militarreko kide Mohamed al-Assarrek baieztatu du Hussein Tantawi Indar Armatuen Kontseilu Goreneko burua eta bi hamarkadatan Hosni Mubaraken Defentsa ministroa izandakoak hartuko duela Defentsa Ministerioaren ardura. «Zein da arazoa? Indar Armatuen Kontseilu Goreneko burua da, Defentsa ministroa eta armadako komandante burua», adierazi du Al-Assarrek, kritiken aurka.

Bestalde, Indar Armatuen Kontseilu Gorenak adierazi du Mursik «botere guztia» izango duela kargua hartu ondoren, nahiz eta konstituzioko zuzenketek indarrean jarraituko duten. Al-Assarren hitzetan, zuzenketa horien helburua da saihestea parlamentua desegiteak utzi duen «botere hutsunea, ez presidenteari boterea mugatzea».

Plazetan jarraituko dute

«Ez ditugu plazak utziko, legebiltzarra itzultzen ez diguten bitartean», adierazi du Anaia Musulmanen idazkari nagusi Mahmud Husseinek. Junta Militarrari konstituzioan egin dituen aldaketak desegiteko ere eskatu dio, eta nabarmendu du ez dutela asmorik etxera itzultzeko hori egin arte. Hain justu ere, milaka lagunek hamar egun daramatzate herrialdeko hiri eta herrietako plazetan bilduta, militarrek botere osoa gobernu zibil baten esku uzteko eskatuz.

Bestalde, Mubaraken osasun egoerak zalantza ugari sortzen jarraitzen du. Hilaren 19an Indar Armatuen ospitalean sartu zuten, ustez garuneko tronbosi bat eta bihotzeko bat izan ondoren. Ospitaleko iturrien arabera, koman dago, baina askok zalantzan jartzen dute bertsio ofiziala .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.