Egipton erasotzaile batzuek islamisten aurka egin, eta hogei lagunetik gora hil dira

Anaia Musulmanek eta gainontzeko alderdi islamistek bihar Kairon manifestazio bat egitera deitu dute

Ane Urrutikoetxea.
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Egipton Hazem Abu Ismail presidentetzarako bozetatik kanpo gelditutako hautagai salafistaren aldeko manifestariak egunak daramate Egiptoko Hauteskunde Batzordearen aurka protestan. Ismailen presidentetzarako hautagaitza atzera bota zuen joan den astean Hauteskunde Batzordeak, haren amak AEBetako nortasun agiria duelako. Manifestariak Kairoko Defentsa Ministerioaren egoitzaren aurrean bilduta zeudela, hainbat erasotzailek gutxienez 20 lagun hil eta beste 160 zauritu dituzte. Armadak indarrez eten ditu borrokak, baina manifestari islamisten arabera, beranduegi iritsi dira, eta erasotzaileak izeneko kaleko jantzitako baltaguiya militarrak zirela salatu dute. Erasotzaileek tiro eginez eta negar gasa erabiliz egin dute manifestarien aurka.

Egiptoko presidentetzarako hauteskundeak egiteko hiru aste besterik ez dira falta, baina Mohamed Morsi Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiko buruzagiak eta Abdel Moneim Aboul Fotouh islamistak hauteskunde kanpaina eten dute bi egunez, hildako manifestarien omenez. Horrekin batera, hautagai islamistek manifestaziorako deia egin dute biharko, erasoak salatu eta Junta Militarraren aurka protesta egiteko. Egiptoko politikari eta eragileek deialdia babestu dute. Junta Militarraren eta alderdien arteko atzoko bilerari boikota egin zioten.

Presidentetzarako bozak gerturatzen ar dira, eta alderdien eta Junta Militarraren arteko tentsioa geroz eta handiagoa da. Anaia Musulmanek bozak atzeratu eta boterean jarraitzeko asmoa leporatu diote Junta Militarrari. Indarkeria egon arren bozak ez direla atzeratu behar uste du Mursik. Junta Militarrak, berriz, adierazi du boterea utziko duela maiatzaren 24an, presidentetzarako bozetan bigarren itzulirik egiteko beharrik ez badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.