Hamalau hilabete baino gehiago igaro dira Egipton Hosni Mubarak boteretik kendu zutenetik, baina trantsizioa ez da gauzatu oraindik. Horretarako, heldu den hilean eginen diren presidentetzarako hauteskundeak egin behar dituzte, baina horietarako ere ez da iskanbilarik falta. Izan ere, Presidentetzarako Hauteskundeen Batzordeak gibelera bota zituen hamar hautagaitza, eta helegiteei ere ezezkoa eman zien atzo. Gibelera botatakoen artean hiru itzal handiko hautagaiak dira, hauteskundeak irabazteko faboritoen artean baitzeuden: Khairat el-Xater Anaia Musulmanena, Hazem Salah Abu Ismail salafista eta Omar Suleiman Mubaraken espioitzako arduradun ohia.
Hogeita hiru ziren presidentetzara aurkeztutako hautagaiak. Hilaren 26rako behin betiko zerrendak erregistratuta egon behar du. Maiatzaren 23an eta 24an eginen da bozen lehen itzulia. Iragan larunbatean Al-Masry al-Yom egunkariak argitaratutako inkestaren arabera, hautesleen %62k erabaki dute boza nori eman, eta, horren arabera, lehenbiziko hiru hautagaien artean zeuden hauteskundeen batzordeak gibelera botatako bi: Suleiman (irabazle, %20rekin) eta Abu Ismail (hirugarren, ia %12rekin). Suleiman kanpoan uzteko, hauteskunde batzordeak argudiatu du Assiut probintzian ez duela hautagaitza aurkezteko sinadura nahikoa bildu. Mubaraken aurka matxinatu zirenek beldurrez hartu zuten Suleimanen hautagaitza, erregimenaren errepresio estrategiaren diseinatzaile nagusitzat baitzeukaten.
Salafistak, berriz, bigarren indarra izan ziren parlamenturako bozetan. Abu Ismail hautagaia ezeztatzeko, haren amaren ustezko naziotasuna erabili du argudiotzat batzordeak. Egiptoko Konstituzioaren arabera, Errepublikako presidenteak eta haren gurasoek bertako herritartasuna soilik eduki dezakete. Batzordearen arabera, baina, Abu Ismailen amak AEBetakoa ere badu; hautagai salafistak hori ukatu egin du.
Batzordeak lehiatik at utzi duen bertze hautagai nagusia Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia Alderdiko El-Xater enpresari aberatsa da. Mubaraken aroan jasotako zigor bat oinarri hartuta debekatu diote aurkeztea. Bai salafistek, bai Anaia Musulmanek salatu dute hauteskunde batzordea Mubaraken erregimeneko kideek osatzen dutela —Farouk Sultan auzitegi militarretako epaile ohia daburua—, eta islamistek boterea hartzea saihestu nahi dutela.
Hiru hautagai horiek lehiatik at uzteak bidea ireki die nagusiki bi presidentegairi: Abdel Moneim Aboul Fotouh islamistari eta Amr Moussa Arabiar Ligako idazkari nagusi ohi eta Mubaraken Atzerri ministro izandakoari. Al-Masry al-Yom egunkariaren inkestak bigarren tokia eman dio Aboul Fotouhi, bozen %12,4rekin. Anaia Musulmanen kide ohia da. Alderdi islamistak hasiera batean ez zuela hautagairik aurkeztuko iragarri zuen, eta Bakea eta Justizia Alderdiko buru Mohamed Morsik abenduan iradoki zuen Aboul Fotouhentzat eskatuko zutela botoa.
Port Saideko hilketen auzia
Kairo hiriburuan Mubarak erori ondorengo sarraski handienaren epaiketa hasi zen atzo. Al-Masry futbol taldeko 75 jarraitzaile daude auzipetuta, iragan otsailaren 1ean Port Said hiriko estadioan Al-Ahly futbol taldeko 74 jarraitzaileren hilketekin zerikusia izatea egotzita. Fiskalak egindako akusazioen artean daude hilketetan zuzenean parte hartzea, armak legez kanpo edukitzea, jabetza publikoaren eta pribatuaren suntsitzea eta ebasketa.
Epaiketaren lehen eguna tentsio giroan igaro zen. Hasi eta hamar minutura eteteko erabakia hartu zuen epaileak, auzipetuak protestan hasi zirelako. «Biktimak gure anaiak dira» izan zen egin zuten oihuetako bat, errugabeak direla defendatzeko. Estadioan zeuden poliziei egotzi diete egun hartan Al-Ahlyko jarraitzaileei eraso izana. Ordu laurdenez geldituta egon zen epaiketa.
Hain zuzen, Al-Ahlyko jarraitzaileek ere lehen egunetik Poliziari eta armadari egotzi diote sarraskiarekin zerikusia izatea. Izan ere, futbol talde horretako jarraitzaileek parte hartze garrantzitsua izan zuten Kairon Mubaraken aurkako protestetan, eta horien arabera, estatuko indarrek mendekua hartu zuten sarraskia gertatzeko erraztasunak emanda. Hilketen hurrengo egunean bertan agintarien aurkako protesta gogorrak izan ziren herrialde guztian, eta hamasei lagun hil zituzten horietan. Biktimen senideen abokatuek eskatu dute Mohamed Ibrahim Barne ministroa eta Al-Masry taldeko zuzendaria ere ikertu ditzatela. Epaiketak maiatzaren 5etik 9ra jarraituko du.
Egipton ez dituzte onartu helegitea jarri zuten hamar hautagaitzak
Anaia Musulmanak, Mubaraken espiotza buru ohia eta salafistak presidente izateko lehiatik at daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu