Trantsizio prozesua gatazkatsua izaten ari da Egipton. Alderdi liberaletako kideek konstituzio zirriborro alternatiboa idatziko dutela erabaki dute, konstituzioa eratzeko batzordetik atera eta gero. Batzordean Anaia Musulmanek eta salafistek gehiengoa bermatu dutela salatu dute—%70 kontrolatzen dute—, eta legedi berrian euren ideiak monopolizatu nahi dituztela.
Duela hamar egun aukeratu zuten legebiltzarrean 50 parlamentarik eta gizarteko 50 ordezkarik osatutako batzordea. Liberalek boikota egin zioten bozketari. Ordezkarien aukeraketan islamistek legebiltzarrean duten gehiengoa baliatu dutela kritikatu dute alderdi sekularrek, eta gizarteko hainbat sektore baztertu egin dituztela. Anaia Musulmanek salaketak ukatu dituzte.
Batzordeko hogei kidek dimisioa eman dute, baina, jakinarazi dutenez, horrek ez du esan nahi konstituzio berri bat idazteko prozesuan parte hartuko ez dutenik. «Betebeharra Konstituzio Batzordetik kanpo bete dezagun, alde guztien parte hartzearekin eta inposizioa ukatu duten alderdi politiko guztiekin», adierazi dute batzorde alternatiboa eratu duten taldeek.
Hemezortzi alderdirekin bilera
Husein Tantaui Egiptoko Junta Militarreko buruak bilera egin du hemezortzi alderditako buruzagiekin, Konstituzio Batzordearen gatazka konpontzeko. Akordio bat egiteko eskatu die mariskalak alde guztiei, baina oraingoz ez dute lortu krisi politikoari irtenbidea bilatzea.
Anaia Musulmanek, bestalde, ez dute argitu presidentetzarako bozetan hautagai bati babesa emango ote dioten. Alderdiaren barnean ez dira ados jartzen, eta erabakia apirilaren 3ra arte atzeratu dute. Horrez gain, Kamal el-Ganzuriren gobernuari babesa kentzeko legebiltzarrean zentsura mozio bat aurkezteko aukera aztertu dute Anaia Musulmanek. Junta Militarrarekin dituzten harremanak gaiztotu egin dira azkenaldian, eta herrialdea gidatzeko aldi baterako hautagai bat izendatzea pentsatzen ari dira.
Egipton «konstituzio alternatiboa» idatziko dute liberalek
Anaia Musulmanei eta salafistei legedia berria eratzeko batzordea monopolizatzea leporatu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu