Protestak herrialde arabiarretan

Egipton, segurtasun zerbitzuen jarrera salatzeko, polizia etxeetan sartu dira

Habib el Adli Mubaraken Barne ministroaren epaiketa hasi den egunean izan dira protestak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Segurtasun zerbitzuen egoitzen kontra hainbat eraso izan ziren atzo Egipton, Habib el Adli Hosni Mubaraken Barne ministroaren kontrako epaiketa hasteko egunean. Protesta jendetsuena herrialdearen segurtasun zerbitzuen egoitza nagusian izan da, Kairon. 2.500 lagun inguru sartu ziren hango eraikinean, eta armadak atera behar izan zituen handik. Jendea dokumentu garrantzitsuak hartzera sartu zen, polizia arduradunek erre aurretik, haietan agertzen diren ustelkeria zantzuak ezabatzeko erre baitituzte poliziek azkenaldian dokumentuak. Kairon ez ezik, Alexandrian ere 1.500 pertsona inguru elkartu ziren egoitza atarian, eta harriak eta botilak jaurti zituzten. Dokumentuak jasotzera sartu ziren han ere 200 bat lagun, baina liskarrak larriagoak izan ziren. Armadaren iturrien arabera, hogei lagun baino gehiago zauritu dira han, eta batzuek zauri larriak dituzte.

Segurtasun egoitza horiek Hosni Mubaraken erregimenaren indarkeriaren sinbolo dira, Barne Ministerioaren menpeko indarrek gidatu baitute herritarren kontrako errepresioa urte askoan. Hain justu, atzo Mubaraken Barne ministro Habib el Adliren kontrako ustelkeria auzia hasi aurretik, krimenengatik iker dezaten eskatu dute herritarrek.

Atzo goizean Habib el Adli auzitegira sartzera zihoala, ehunka lagunek egin zioten harrera, «herriak hiltzailea akusatuen eserlekuan ikusteko eskubidea» duela oihukatuz. El Adli ustelkeriagatik eseri dute epailearen aurrean, baina giza eskubideen kontrako krimenak egin dituelakoan beste ikerketa bat zabalduta dago haren aurka. Momentuz, iruzur kasuengatik «errugabe» dela esan dio epaileari, eta epaiketarekin apirilaren 2an jarraitzea erabaki dute, akusatuaren abokatuak hala eskatuta. Epaileak dioenez, bere karguaz abusatu zuen 800.000 dolarren truke lur eremu bat saldu zuenean, eta dirua zuritzeko operazio batean parte hartu izana ere leporatzen dio —760.000 dolar zuritu zituela dio—.

Baina akusazio horiek ez direlako nahikoak egin dute protesta egiptoarrek. El Adli kargutik urtarrilaren amaieran kendu zuten, eta otsailaren 17an atxilotu. Matxinada hasiera eragin zuten gertaeretan izandako errepresioa haren agindupean izan zen, poliziek hasieran izan zuten jarrera bortitzaren eragile. Protestetan guztira 384 lagun hil ziren, eta 6.000 baino gehiagozauritu.

Protesten aurretik ere izan zen giro nahasian protagonismo berezia izan zuen El Adlik. Egiptoko barne segurtasuna Estatuaren Segurtasun Zerbitzuaren, Poliziaren eta Guardia Nazionalaren esku egon da, eta urteetan haren lana izan da herritarren protestak isilaraztea, horiei jazartzea, baita musulmanen mugimenduei jazartzea ere. Hori dela eta, polizia indarrek eta armadak kide kopuru bera izan dute, 400.000 inguru bakoitzak, baina armada ez dute hezi herritarrak kontrolatzeko, eta polizien esku egon da kontrol osoa, eta horregatik ez daude ongi ikusiak.

Segurtasuna berregituratzen

Estatuaren Segurtasun Zerbitzuak ustelkeriak jota eta erregimenaren agindupean egon direla eta, haiek berregituratzeko azterketa egiten ari da Mahmud Uagdi Barne ministro berria. Protestak leuntzeko egin zuen atzo iragarpena.

Haren arabera, funtzioak, helburuak eta lan mekanismoak aztertuko dituzte, eta herrialdean izan diren aldaketetara egokitu. Aldaketa erabatekoa izango dela azaldu dute Barne Ministerioko iturri anonimoek, segurtasun nazionala eta egonkortasuna ziurtatze aldera. Horretarako denbora beharko dela ere iragarri dute, egitura izugarria baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.