MUNDUA

Egonkortasuna agindu die Mansurrek egiptoarrei

Herrialdea "kaos bat bihurtu" nahi dutenen aurka, egonkortasuna eta segurtasuna berreskuratuko duela adierazi du Egiptoko behin-behineko presidenteak.

2013ko uztailaren 19a
11:38
Entzun

"Egoera kritikoa jasaten ari gara, eta zenbaitek herrialdea kaosera eraman nahi dute; guk, ordea, egonkortasuna berreskuratu nahi dugu. Batzuek bide odoltsuari jarraitu nahi diote". Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidentearen hitzak dira; kargua hartu ostean telebista bidez egindako lehenengo adierazpenetan esan zuen hori, atzo. "Segurtasunagatik, guduan borrokatuko gara, azkeneraino", zioen.

Mansurren ustez, egiptoarrek "lezio inspiratzailea" eman diote munduari, bai Hosni Mubaraken kargugabetzearekin 2011n, bai Mursirekin uztailaren hasieran.

Kargua hartu duenetik, gaurkoak izango dira Egiptoko trantsiziorako gobernuak bizi izango dituen lehenengo mobilizazio handienak. Izan ere, Mursiren aldeko zein kontrakoek manifestazioak egingo dituzte gaur Egiptoko plaza guztietan. Legitimitatearen Defentsarako Koalizio Nazionalak —hainbat talde islamistak parte hartzen dute bertan, tartean, Anaia Musulmanak— egiptoarrak kalera atera eta estatu kolpe "odoltsu eta bidegabea" arbuiatzera deitu ditu. Manifestazio horretan, besteak beste, "kolpistek lapurtutako" 2011ko urtarrilaren 25eko iraultza berreskuratzeko eskatu, eta atzerritarrek Egiptoren barne arazoetan esku hartzea gaitzetsiko dute.

Tamarrud estatu kolpearen aldeko mugimenduak ere manifestaziorako deialdia egitea espero da: Tahrir plazaz gain, Heliopolis auzoak hartu nahi dituzte.

1973ko gerran armadak Israelen aurka lortutako garaipenaren urteurrena da gaur, eta hortik datorkio Garaipenaren Ostirala izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.