Vatikanoaren arabera, erlijio arrazoiengatik urtero 150.000 kristau hiltzen dituzte munduan. Jazarpena jasaten dutenak, berriz, 200 eta 300 milioi artean dira. Hil honetan kaleratutako txosten batean eman du Eliza katolikoak datu horien berri. «Fundamentalismoa» eta «laizismoa» dira Vatikoanerantzat jazarpen horren errudunak. Eliza katolikoaren balorazio eta adierazpenak gora-behera, munduko zenbait eremutan kristauen egoerak okerrera egin du azken urteetan. Bereziki, Ekialde Hurbileko komunitateen egoera larritu da. Eguberriak hurbildu ahala, talde armatu islamikoek kristauen aurka egindako mehatxuak ugaritu egin dira, eta hainbat herrialdetan babes neurri bereziak hartu dituzte egun hauetarako. Erasorik nabarmenenak, ordea, Ekialde Hurbiletik urrun, Nigerian gertatu dira. Gabon gauean gutxienez 38 lagun hil zituzten hainbat atentatutan.
Nigeriako gatazka erlijiosoa, baina, Ekialde Hurbilekotik bertzelakoa da. Afrikako herrialde horretan musulmanak %50a dira, eta kristauak %48a. Iparraldean islama da nagusi; hegoaldean kristautasuna, eta herrialdearen erdigunean, berriz, ez dago nagusitasun nabarmenik. Bi komunitateek elkarren aurka egindako erasoak ohikoak izan dira azken hamarkadan, 1999an gobernu militarren aroa bukatu zenetik, gehienbat.
Herenegun arratseko erasoakerdialdeko Jos hirian eta iparraldeko Maidugurin gertatu ziren. Josen, gutxienez 32 lagun hil eta 74 zauritu zituzten. Zazpi lehergailu zartarazi zituzten hiru tokitan: katolikoen eliza batean, zubi batean eta merkatu batean. Inork ez du bere gain hartu erasoa, baina Poliziak uste du kristauak zirela leherketen helburua, une horretan jende andana Gabon gaueko mezara baitzihoan. Poliziak uste du Boko Haram talde armatu islamikoa izan dela atentatuen egilea. Maidugurin, berriz, sei lagun hil dituzte hiru elizari su emanda. Eraso hori ere Boko Harami egotzi dio Poliziak.
Josen eta Maidugurin gatazka larriak gertatu dira azken urtean.Jos, Plateau estatuko hiriburua da. Estatu horretan ohikoak dira nekazari kristau sedentarioen eta artzain musulman nomaden arteko gatazkak, erlijioaz gain, bizimodu ekonomikoak bereizten baititu. Duela egun batzuk, adibidez, hamabortz kristauri hamarna urteko kartzela zigorra ezarri zieten Josen, joan den martxoko borroka erlijiosoetan parte hartu zutelakoan —55 lagun hil ziren—. Era berean, borroka horiek urtarrilean gertatu zen eraso baten ondorioz sortu zirela uste dute Nigeriako agintariek. Orduko hartan, artzain musulmanek kristauen herrixka bati eraso zioten, eta 326 lagun hil ziren. Maidugurira, berriz, joan den urrian armada bidali zuen Nigeriako Gobernuak, Boko Harami aurre egiteko asmoz. Azken hamarkadan, 13.000 lagun hil dira Nigerian, gatazka erlijiosoetan.
Ez da Nigeriakoa izan kristauen aurkako eraso bakarra. Atzo, Eguberri egunean, Filipinetako Jolo uhartean lehergailu bat zartarazi zuten eliza batean. 11 lagun zauritu ziren. Herrialdearen hego-mendebaldean dago irla. Filipinetan musulmanak %10 inguru dira, baina gehiengoa dira Jolon. Abu Sayyaf gerrilla islamiko independentista da eremuko talde armatu nagusia.
Egoera gordina Iraken
Ekialde Hurbilean, Nigerian eta Filipinetan ez bezala, kristauak gutxiengoa dira herrialde guztietan. Egoerarik gordinenetakoa Iraken dute. Talde islamikoen eskutik jasan dituzten azken atentatuak direla eta, Irakeko elizek ospakizun anitz bertan behera utzi dituzte, eta egin dituztenak, segurtasun neurri gogorrekin egin dituzte. Bagdaden iragan urriaren 31n gertatutako bahiketak eraman ditu neurri horiek hartzera. Irakeko Estatu Islamikoa talde armatuko kideak eliza batera sartu eta barrenean zegoen jendea gatibu hartu zuten. Azkenean, Poliziak indarrez hartu zuen eliza, baina 51 lagun hil ziren. Eguberrien aitzinetik, berriz, herrialdea uzteko mehatxua egin die kristauei Irakeko Estatu Islamikoak. Bertzeak bertze, okupazio indarrekin elkarlanean aritzea leporatzen die talde armatuak.
Irakeko kristau anitzek iparraldera egin dute ihesi, Hego Kurdistango lurralde autonomora. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gaur egun 400.000 kristau daude Iraken. 1990ean, Sadam Husseinen aroan, 1,5 milioi ziren. Populazioaren %3a badira ere, Sirian, Jordanian eta Libanon dauden errefuxiatu irakiarren ia %30a kristauak dira.
Egipton ere egoera liskartsua izan da aurten kristau koptoen, Gobernuaren eta talde armatu islamikoen artean. Koptoen Eguberria urtarrilaren 7an da, eta egun horretan beteko da urtebete Kairoko eliza batean ekintzaile islamiarrek zazpi kristau tiroz hil zituztenetik. Joan den azaroan, agintariek eliza baten eraikuntza gerarazi zutela eta, liskar gogorrak izan ziren Poliziaren eta kristauen artean —gazte bat hil zen—. Indonesian, berriz, Gobernuak segurtasun neurri bereziak hartu ditu Eguberrietarako, duela aste batzuk kristauen aurkako erasoak egon zirelako. Bai Egipton, bai Indonesian, kristauak populazioaren %9 inguru dira.
Eguberriak mehatxupean
Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetan kristauen egoerak okerrera egin du; Gabon jaietan erasoak jasateko beldur diraGutxienez 38 lagun hil dituzte Nigerian, kristauen aurkako atentatuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu