Egun odoltsua Iraken

Gutxienez 62 pertsona hil eta 200 baino gehiago zauritu dituzte herrialdeko zenbait hiritan; aurtengo erasorik gogorrena izan daBagdadeko agintariak AEBekin negoziatzen ari dira, tropen egonaldia luza dezaten

2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Aurten izan diren erasoetatik bortitzena jasan du Irakek, edo hildako gehien utzi duena behintzat. Herrialdeko hainbat hiritan egindako atentatuetan 62 lagun hil dituzte gutxienez, eta 200 baino gehiago zauritu dituzte; bonba-autoak, tiroketak eta segadak izan dira, besteak beste. Badirudi eraso gehienak Poliziaren aurkakoak izan direla. Testuingurua, berriz, berezia da. Izan ere, Bagdad AEB Ameriketako Estatu Batuekin negoziatzen ari da, 2003an Iraken sartutako tropen egonaldia luzatzeko —urte honen amaierarako dira ateratzekoak—.

Irakeko agintariek Al Kaedari egotzi dizkiote erasoak. Parlamentuko presidenteak, berriz, gaitzetsi egin du gertatutakoa; «Eraso hauen zergatiak jakinaraztea exijitzen dut, eta beharrezkoa iruditzen zait halako gertaerak ez errepikatzeko ahaleginak areagotzea».

Al Kuten izan da hildako gehien utzi duen erasoa, jendez beteta zegoen azoka batean. Hiriburutik ehun kilometrora dagoen hiri horretan 40 pertsona hil dituzte, eta 65 zauritu, Poliziaren arabera. Edariak hozteko hozkailu batean kokatutako lehergailu bat eztandarazi zuten lehendabizi, eta segituan bonba-auto bat leherrarazi zuten. Inguruko dendetan eta etxeetan kalteak eragin dituzte leherketa horiek, eta, lekukoen arabera, zaurituak oso larri daude. Poliziak eta armadak, berriz, azokarako sarbide guztiak itxi dituzte, eraso gehiago egingo dituzten beldur.

Beste hirietako erasoak

Trikit hirian, berriz, Salahedin probintziako hiriburuan, hiru polizia hil dituzte, eta hamar inguru zauritu. Poliziaren eraikin bat zaintzen ari ziren zaindariei tiro egin zieten soinean lehergailuak zeramatzaten bi ekintzaile suizidak, eta, ondoren, eraikinean zeuden polizien aurka egin zuten. Antza denez, erasotzaileek nortasun agiri faltsuak zeramatzaten, eta zerbitzu sekretuetako kidetzat hartu zituzten.

Najaf eta Karbala hirietan egindako erasoetan ere poliziak hil dituzte, bederatzi gutxienez. Zaurituak 99 inguru izan dira, horietako batzuk ere poliziak. Hiri horiek hegoaldean daude, eta xiitek indar handia dute han. Najafen bi bonba-auto leherrarazi dituzte polizia etxe batetik gertu, eta sei lagun hil dituzte. Karbalan, berriz, Poliziaren eraikin batetik hurbil jarri dute lehergailua, eta hiru lagun hil dituzte. Eraso horien harira, etxeratzeko agindua ezarri dute inguru horretako agintariek.

Dijala probintziako hainbat hiritan ere izan dira erasoak, eta guztira hamairu lagun hil eta 33 zauritu dituzte. Dijalako hiriburu Bakubatik hogei kilometro hegoaldera, ekintzaile suizida batek auto bat leherrarazi du, eta zortzi pertsona hil dira; zaurituak, berriz, 21 izan dira. Beste bi hiritan, ostera, armadaren kontrol guneei egin diete tiro, eta bost soldadu hil dituzte.

Aipatutako hiriez gain, Bagdad, Taji, Al Ramadi, Iskandarija, Mosul, Balad eta beste hiri batzuetan ere izan dira erasoak —hamairu hiritan gutxienez—. Kirkuk hirian, esaterako, hiru lagun hil eta gutxienez 37 zauritu dira auto bat eta motor bat lehertuta.

Ia egunero egiten dituzte atentatuak Iraken, baina joan den martxoaz geroztik ez zuten jasan halako eraso bortitzik. Orduan 65 lagun hil zituzten Tikrit hirian, gobernuaren eraikin bati egindako eraso batean. Oraingoan ez bezala, ordea, erasoaldi bakar batek eragin zituen hildako guztiak. Uztailean, berriz, 259 lagun hil ziren guztira Iraken.

Orain gutxi argitaratutako txosten baten arabera, egoera orain urtebete baino okerragoa da herrialdean.

Tropen erretiratzea

Atzokoak bezalako erasoak eragozteaz gain, Irakek badu beste erronka bat, AEBetako tropen erretiratzeari dagokiona. 2008an Bagdad eta Washingtonek sinatutako segurtasun akordioaren arabera, AEBetako soldaduak—47.000 geratzen dira— urte amaierarako irten behar dute Iraketik. Duela bi aste, ordea, gobernuak agindu zuen Washingtonekin negoziatuko zuela, soldaduak denbora luzeagoz herrialdean geratzeko. Beraz, orain ikusteko dago Barack Obama AEBetako presidenteak tropak erretiratzeko hitza beteko duen ala Iraken presioaren aurrean amore emango duen.

Iturri batzuen arabera, AEBetako soldadu talde bat Iraken gera daiteke hango tropak «militarki eta teknikoki» entrenatzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.