NAZIO BATUEN ERAKUNDEAREN ERREFORMA. MAURICE F. STRONG. X. NAZIO BATUEN ERAKUNDEKO IDAZKARI NAGUSIORDE OHIA

«Egungo krisiak ekarriko ditu NBEkbehar dituen aldaketak»

Edu Lartzanguren.
2003ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren aholkulari berezia da egun Maurice F. Strong kanadarra. Ipar Koreako krisiaren gaian Annanen ordezkari berezia ere bada eta NBEren erreformarako koordinatzaile exekutiboa izan da duela gutxi arte. Erakundean dagoen krisialdiaz eta horrek dakarren aukeraz mintzatu zaio Berriari.

Zergatik erreformatu behar da NBE?

NBE Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zen, eta orduko baldintzen arabera sortu zen. Baldintzak aldatu dira, 54 nazio zeuden orduan, 191 dira egun. Japonia eta Alemania hondoraturik zeuden orduan, azpiraturik. Egun, berriz, ekonomia zein politika aldetik oso herrialde indartsuak bilakatu dira. Garatzeko bidean diren herrialde asko ez ziren independente garai hartan; egun, independente izateaz gain, gehiengoa dira. Mundua aldatu da, alegia, eta NBE ere aldatu behar da. Idazkari nagusiak [Kofi Annan] hobekuntza asko egin ditu jada, baina herrialdeen jarrera ez da horrenbeste aldatu.Segurtasun Kontseilua duela 50 urteko egoera geopolitikoaren irudia da oraindik.

Halere, aldaketaren beharra batez ere Iraken inbasioak bultzatu du.

Horrek ez du aldaketarako beharra sortu; bai, ordea, jendea aldaketaren beharra argiago ikustera eraman. Irakeko egoerakaspaldikoa den arazoa nabarmendu du.

Zeintzuk dira erreformatu beharreko gai nagusiak?

Agenda, batez ere. Gai gehiegi daude NBEren agendan, bertan zertan egon beharrik ez zuketenak. Izugarri zaila da horietako bakar bat ere gaitegitik ateratzea, NBE lehentasun handietan kontzentra dadin. Segurtasun Kontseiluaren erreforma da beste afera. Bost kide iraunkorretik soilik bat Txina da garatzeko bidean den herrialdea. Munduaren %80 garatzeko bidean diren herrialdeak dira gaur egun.

Zeintzuk dira aldaketaren kontrako erresistentzia nagusiak?

Alde batetik, itzala galtzeko beldur diren herrialdeak. Frantzia eta Erresuma Batua dira adibideak. Inork ez die eskatzen NBEn duten eginkizuna uzteko. Eskatzen dena da oso indartsu bilakatu diren beste herrialde horiek kanpoan ez uztea.

Posible izango da Frantzia eta Erresuma Batua konbentzitzea?

Hori da kontua. Herrialdeok zuhurrak direla uste dut, baina orain arte ez diote gaiari heldu. Egun, aldaketarako behar handiagoa dagoenean, arduraz jokatuko dutela espero dut. Edonola ere, kontuz ibiliko dira beren posizioa gehiegi ahul ez dadin.

Nola egin dakioke aurre beto eskubidearen arazoari?

Beto aniztasuna proposa daiteke, hau da, egun eskubide hori ez duten kide ez iraunkorrek beto ahalmena edukitzea, bik edo hiruk elkar hartzen badute. Herrialdeek aldaketarako garaia heldu dela onartu arte, ordea, ezin izango da negoziazio seriorik abiatu. Egun ez dago halakorik.

Norabide horretan egin zenuen lan erreforma taldeko buru zinenean?

Batez ere idazkari nagusiaren eskumen diren aldaketekin egin nuen lan, eta horietako gehienak eginak dira jadanik. Haatik, Kofi Annanen izenean gomendatu nituen erreformetako oso gutxi gauzatu dira, gobernuek ez dutelako gaia aztertu nahi izan.

Beraz, Annanen esku ez diren gauzetan, ez dago irtenbiderik?

Irtenbideren bat egon behar du. Buru diren gobernuak konturatu behar dira NBE ez badela aldatzen gero eta ahulagoa izango dela, eta munduak, egun, NBE indartsua behar du.

Ez al da, ordea, herrialde batzuen interesekoa NBE ahultzea?

Beharbada. Badira herrialde batzuk... egia esan, ezin dut hori komentatu. Edonola ere, herrialde gehienek argi dute NBE indartsua beren interesekoa dela. NBE ahulduz gero, herrialdek batek edo bik mundua menperatuko dute. Herrialde ertainek eta txikiek duten plaza da NBE. Superpotentziak uste du, agian, besteak baino gutxiago behar duela NBE. Baina bistan da, egun, superpotentziak ere NBEren beharra duela.

Orain Iraken arazoak dituztela, AEBek NBEkiko jarrera aldatuko dute?

Jarrera aldaketa dagoela begi bistakoa da. Ikusi beharko dugu, ordea, jarrera aldaketa hori funtsezkoa ote den, edo praktikoa. Estatu Batuek ezinbesteko eragina izan dute Bigarren Mundu Gerraren amaieratik. Herrialderik indartsuen gisa atera ziren gerratik, eta lagundu egin zuten NBE sortzen. Washingtongo egungo gobernua NBE zalantzan jartzen ari bada ere, Bushek berak NBE erabat babesten duela esan zuen berriz asteartean.

India eta Brasil Segurtasun Kontseiluan sartzeak lagunduko luke mendebaldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko desoreka konpontzen?

Oso beharrezkoa da garapen bidean diren hainbat herrialde onartzea Segurtasun Kontseiluan. Ez dakit hurrengo urteetan lortuko den, baina zenbat eta denbora gehiago iragan, orduan eta zailago izango da. Berehala egin beharko litzateke, beraz.

Diru iturrien erreforma behar da NBE independenteagoa izateko?

Oraindik behar da, NBE ez dadin beti egon porrot egiteko zorian, herrialde batek dagokiona ez ordaintzea erabakitzen badu.

NBEri egun nazioartean diren indarren jokalekua besterik ez izatea leporatu izan diote. Munduko gobernu antzeko zerbait bilakatu behar luke?

Mundua ez dago prest NBE munduko gobernu gisa aritzeko, eta NBE ez dago prest munduko gobernua bihurtzeko. Behar dena, berriz, zera da: gobernuen munduko sistema bat. Munduko gobernuek elkartzerik izan dezaten, bakarrik egin ezin ditzaketen gauzak egiteko. NBE ez da munduko gobernua. Bada, ordea, mundua gobernatzen den lekua.

Irakeko inbasioak sorturiko krisia «une etsigarria» izan da NBErentzat, Kofi Annanen arabera.

Hala da, bai. Baina, halako krisietatik datoz aldaketak. Aspalditik behar zen erreforma, baina ez da egin bultzada falta izan delako. Orain, bultzada etorri da krisiak ekarrita. Litekeena da onerako izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.