Kurdueraz argitaratzen den Azadiya Welat —Aberri Askea— egunkari bakarreko Emir Demir kazetariari 138 urteko espetxe zigorra ezarri dio Turkiak. Egunkari horretan idatzitako artikuluen bitartez PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko propaganda egitea leporatu dio epaileak. Alderdiko kide izan gabe, haren izenean delituak egin izanagatik ere kondenatu dute kazetaria.
Edizio burua zen Demir aipatu egunkarian, eta 2008 eta 2009 bitartean argitaratutako 84 artikulu aztertu dituzte epaiketan hura zigortzeko.
Ez da Azadiya Welat egunkariko kazetariak zigortzen dituzten lehen aldia. Besteak beste, egunkariko zuzendari izan diren Ozanc Kililçek eta Vedat Kursun espetxean dira, argitaratutako albisteak direla medio. 21 urteko espetxe zigorra dauka lehenak eta 166 urtekoa bigarrenak.
Aurten, hiru aldiz itxi dute
Turkiak hemezortzi aldiz itxi du Azadiya Welat kurdueraz argitaratzen den egunkari bakarra bere sorreratik. Aurten bertan hiru aldiz. Hainbatetan hilabetez argitaratzeko debekua ezarri izan die Turkiak, baina kasu horietan guztietan beste izen bat baliatuz kaleratu izan dute egunkaria.
Astekari gisa sortu zen Azadiya Welat eta 2007. urtean egunkari bihurtu zuten. Ordutik, eta kurduen artean argitalpenaren oihartzuna handitu denetik, egunkariaren aurkako errepresioa gogortu du Turkiak.
Iragan abenduan Durangoko azokan izan ziren kurdueraz kaleratzen den egunkariko kideak, Kurdistango berri zabaltzeko. Eser Uyansiz egungo Azadiya Welat egunkariko zuzendariak esan zuen «berriz ixteko arriskua» zegoela. PKK-k su-etena iragarri zuenetik egoera zertxobait baretu zela azaldu zuen orduko hartan. Dena den, gobernuaren aldeko prentsa bilakatu nahi dituztela ohartarazi zuen Uyansizek.
Epailearen erabakiaren berri izan ostean, GOP Kazetarien Askatasunerako Turkiako Plataformak herrialdean prentsa askatasuna galtzen ari dela ohartarazi du. Era berean, uneotan Turkiako kartzeletan 50 kazetari daudela gogora ekarri dute.
Egunkari kurdu bakarreko kazetari bati 138 urteko espetxe zigorra ezarri diote
Idatzietan PKKren propaganda egitea eta alderdiaren izenean delituak egitea egotzi diote Emir Demirri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu