Txinako lehen ministro Wen Jiabaok erreforma politikorako beharra aldarrikatu eta biharamunean, lurrikara politikoak astindu du herrialdea, alderdi komunistako lider nabarmen bat kargutik kendu baitu buruzagitzak. Bo Xilai da hori, buruzagitzaren oinordekotza hartzeko hautagaietako bat orain arte. Alderdiak zergati jakinik eman ez duen arren, hedabide guztiek Boren hurbileko laguntzaile batek eragindako eskandalua aipatu dute arrazoitzat. Chongqing hiriko buruzagia izan da Bo, eta, han ezarri duen eredu sozialarengatik, alderdi komunistako ezkerreko adarra osatzen zuen, hedabide eta analista anitzen arabera; adar horren arerioak lirateke Hu Jintao presidentea eta Wen lehen ministroa. Bertze iritzi batzuen arabera, ordea, lehia ideologikoa baino gehiago, Boren kargugabetzea Xi Jinping presidenteordeari buruzagitzarako bidea errazteko mugimendua izan da.
Azken urteetan itzal handiko agintaria izan da Bo Txinako politikagintzan. Iraultza komunistaren garaiko buruzagietako baten semea da, Bo Yiborena, eta horrek babes handia eman dio. Iraultza Kulturalaren aroan (1966-1976) espetxeratu egin zituzten aita-semeak, Bo aita erreformen eta Mendebaldearengana hurbiltzearen alde agertu zelako. 1978tik aitzinera, Deng Xiaopingen aroan, erreforma ekonomikoak babestu zituen.
Bo semeak Txinako agintari berrien belaunaldi neoliberala ordezkatzen zuen, eta 2004-2007 artean Merkataritza ministroa izan zen. Hortik aitzinera nabarmendu da Boren ibilbide politikoa, Chongqingen alderdiaren buruzagi izendatu zutenean. Hego-mendebaldeko hiri industrial erraldoia da Chongqing —40 milioi biztanle ditu—, arazo sozial larriak pairatzen dituena: langileen egoera kaskarra, eta ustelkeriaren eta krimen antolatuaren hedapen kezkagarria.
Agintean egon den bortz urteotan, Bok kanpaina handiak bultzatu ditu bi arazoei aurre egiteko. Alde batetik, gizarte politikak indartu ditu txiroenen bizi-baldintzak hobetzeko —adibidez, eraikitako etxeen herenak langileentzat eta nekazarientzat eskuragarri izateko beharra ezarri du—. Horrekin batera, Maoren irudia eta iraganeko sozialismoa goraipatu du behin baino gehiagotan hitzaldietan eta kanpainetan. Bertzalde, ustelkeriaren eta krimen antolatuaren aurkako operazio handiak bultzatu ditu hirian; horien emaitza: 2.000 atxilotu, 500 auzipetu, eta hamahiru exekutatu, horien artean Justizia Bulegoko zuzendaria.
Alkateordearen auzi iluna
Politika horrek hagitz ospetsu bihurtu du Bo, baita atzerrian ere —CNNren arabera, Asian eragin handiena zuten 25 pertsonaien artean zegoen 2009an—. Horregatik, hurrengo helburua urte honetako urriko kongresuan ezarria zuen, alderdi komunistako buruzagitzara ailegatzeko, orain zapuztu zaion asmoa. Txinako hedabide publikoek ez dute argibiderik eman kargugabetzearen inguruan, baina Mendebaldeko hedabide handiek diote arrazoia Wang Lijun alkateorde eta Chongqingo poliziaburu ohiaren auzia izan daitekeela. Kontu iluna da hori, dena den.
Wangek AEBen kontsuletxean egun bat igaro zuen, ustez babes diplomatikoa eskatzeko. Pekinek, ordea, handik ateratzeko presio egin zion, eta zaintzapean daukate orain. Ez da argitu Wangek zer egin zuen kontsuletxean, baina Mendebaldeko hedabideek diote litekeena dela Boren jardunari buruz informazioa eman izana AEBei. Iturri horien arabera, Txinako Alderdi Komunistaren sekretuak «etsaiari» ematea egotz diezaiokete Wangi.
Hedabide horien susmoak Wen lehen ministroak herenegun egin zituen adierazpenek indartu dituzte, hain zuzen, aldaketa politikoak aldarrikatu zituen egun berean. Wenek erran zuen, Chongqingo agintarien lorpenak onartu arren, Wangen «gertakariaz serioski» pentsatu behar dutela horiek, eta «irakaspenak atera». Biharamunean Bo kargutik kendu dutela kontuan hartuta, orain hainbatek abisutzat hartu dituzte Wenen solasak. Inork ez du argitu, ordea, zerk eragin duen Borekiko haserrea: soilik Wangek sekretuak kontatu izanak, edo sekretu horien edukiak.
Egunsentiaren osteko ekaitza
Txinan lurrikara politikoa sortu du Bo Xilai buruzagi nabarmenetako bat kargutik kentzeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu