Oraindik ez dituzte kaxa beltzak aurkitu, baina ikertzaile egiptoarren azterketek berriz ere eraso baten teoria indartu dute. "Eraso terrorista bat gertagarriagoa da huts tekniko bat baino".
Joan den ostiralean AEBek ondorioztatu zuten ez zela bonba leherketarik egon hegazkinean, satelite bidez hartutako irudiak aztertu ondoren. Baina hurrengo egunean Frantziako airezko ikerketa agentziak nabarmendu zuen pilotoen gelatik gertu kea detektatu zutela, nahiz eta erorikoa zerk eragin zuen ez zuten zehazterik izan.
Airbus A320 hegazkina radarretik desagertu zen joan den osteguneko goizaldean, Paristik Kairorako bidean, 66 bidaiari zeramatzala. Hegazkineko eserlekuak, maletak eta beste objektu batzuk aurkitu zituzten ur gainean, Alejandriako kostatik 290era.
Kaxa beltzak aurkitzeko lanetan dihardute lehen arrastoak aurkitu zituzten leku berean, baina kaxak 2.000 metro baino hondorago badaude, zailtasunak izaten dira ahots eta datu frogak berreskuratzeko.