EH Bilduk batasuna galdegin du eskubide nazionalen eta demokratikoen defentsan

"Batasun nazionala eta demokratikoa" lehentasun izango du EH Bilduk, "salbuespen egoera" deritzonari aurre egiteko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eman du koalizioaren mahai politikoak adostu duen adierazpenaren berri. Haren arabera, egungo egoera politikoan "jokoan daude gure eskubide nazionalak, sozialak eta askatasun demokratikoak".

Arnaldo Otegi, EH Bilduko mahai politikoa osatzen duten kidez inguratuta, gaur, prentsaurrekoan. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 23a
08:17
Entzun

Otegik ohartarazi du "erregimena salbatu nahi duen bloke atzerakoiak" indarrak batu dituela "kontraerreforma" baterako. "Askatasun nazionalak eta autogobernua murriztuko dituzte, eskubide demokratikoekin batera". Hala, "erantzukizun politikoz" jokatzera deitu ditu erabakitzeko eskubidearen aldeko eragileak. "Demokrazia, gure herriaren burujabetza eta autodeterminazio eskubidea defendatzen dugunok elkar hartuta jokatu beharko genuke".

EH Bilduk nabarmendu du egoera horri ezin zaiola "anbiguotasunetik" erantzun. Otegiren esanetan, euskal gizarteari "argi esan behar zaio ez dagoela aldebikotasunerako tarterik, ez bada berdintasunetik egiten". Eusko Jaurlaritza sostengatzen duen EAJren eta PSE-EEren arteko akordioari, eta EAJren eta PPren arteko harremanei ere erreferentzia egin die Otegik. Haren iritziz, "testuinguru honetan, 155. artikulua indarrean jartzen duten edo defendatzen duten indarrekin ezin da aliantza politikarik egin".

Bestalde, Espainiako Estatua "demokratizatzeko" aukerarik ez dagoela adierazi du Otegik. PP, PSOE eta Ciudadanosek osatutako "blokeak" hori "ezinezko" egiten du, haren hitzetan.

Koalizioak elkarlanerako deia egin die 155. artikulua ezartzearen aurka dauden indar politiko sozial eta ekonomikoei. "Ditugun ezberdintasunak alboratu eta egoerak eskatzen duen maila eman behar dugu". EH Bildu "elkarrizketarako guneak" bilatzeko prest dagoela gaineratu du Otegik.

Azkenik, EH Bilduk iragarri du Kataluniari elkartasuna eta babesa adierazteko ekintzak antolatuko dituela hurrengo egun eta asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.