Nazioarteko albiste agentziak lekukoen adierazpenetan oinarrituta zabaldu dutenez, goizeko bederatzi eta erdiak aldera (zazpi eta erdiak Euskal Herrian) Hezkuntza Ministerioaren menpeko ikerketa zentroa inguratu du talde armatu batek, Bagdadeko Karrada auzoan. Barrura sartuta, gizonezkoak eta emakumezkoak bereizi dituzte, eta, ondoren, gizonezkoak kamioietan eraman dituzte, bahituta.
Bahituen artean ikerketa zentroko zuzendaritzako kideak, enplegatuak zein bisitariak daudela agertu du Alaa Makki Irakeko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko presidenteak. Jazotakoa "hondamendi nazionaltzat" jo du Makkik.
Zibilen, Irakeko Gobernuarentzat lan egiten duten funtzionarioen eta, batik bat, irakasle eta ikertzaileen bahiketak gero eta ohikoagoak dira. Irakiarren artean gero eta gehiago zabaltzen ari den ustea da bahiketa horietako asko Irakeko Poliziako kideek (xiitak dira gehienak) egiten dituztela, edo, behintzat, haien oniritzia izaten dutela. Gaur bahitutakoen artean sunitak eta xiitak, denetik, daudela azpimarratu du Makkik.
Irak
Ehun bat lagun bahitu dituzte Bagdaden, Hezkuntza Ministerioaren ikerketa zentro batean
Erakundeko zuzendaritzako kideak, enplegatuak eta bisitariak daude bahituen artean. Guztiak gizonezkoak dira, emakumezkoak aske utzi baitituzte. Lekukoen arabera, Irakeko Poliziaren jantziak eta ibilgailuak zituzten erasotzaileek. Agintariek "hondamendi nazionaltzat" jo dute gertatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu