Ehundik gora preso politiko esanguratsu aske utzi ditu Myanmarko Gobernuak

AEBek jakinarazi dute enbaxadorea bidaltzeko prest daudela; oposizioak txalotu egin du gobernuaren erabakia

2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Myanmarko Gobernuak herrialdea demokratizatzeko bidean beste pauso bat eman du: ehundik gora preso politiko askatu ditu. Legez kanpoko alderdi politikoetako hainbat buruzagi, ikasle mugimenduetako liderrak, monje budistak eta hainbat kazetari daude aske utzi dituzten 651 presoen artean. Amnistiari esker libre geratu diren preso politikoen kopurua oraindik zehaztu ez badute ere, tokiko hedabideen eta erakunde zibilen arabera, 170etik gora izan daitezke.

Aung San Suu Kyi oposizioko buru eta Bakearen Nobel saridunak gobernuaren erabakia txalotu du. «Gobernuak arazoak bide politikoetatik konpondu nahi dituela agerian uzten du hainbeste preso politiko aske utzi izanak».

Nazioarteak ere pozez hartu du Thein Sein jeneral ohiaren gobernuak emandako pausoa. AEB Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, Myanmarrera enbaxadorea bidaltzeko prest daudela jakinarazi dute. «Egun garrantzitsua da hau myanmartarrentzat», adierazi du Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak. 1990ean eten zituzten harreman diplomatikoak berrezartzeko asmoa agertu dute.

Catherine Ashton EB Europako Batasuneko diplomazia buruak, berriz, Seinek emandako pausoa «ausarta» dela nabarmendu du. «Preso politikoak askatu izanak gobernua hasitako erreformen bidean aurrera egiten ari dela berresten du». Alemaniako Atzerri ministro Guido Westerwellek, bestalde, adierazi du Myanmarri ezarritako zigorrak kentzea aztertzen ari direla, eta Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk ere erreformen garrantzia nabarmendu du.

Amnistia garrantzitsua

Gobernuak azken urtebetean iragarri dituen lau amnistietatik azkenak preso politiko nabarmenei eragin die. Besteak beste, Khin Nyoun zerbitzu sekretuen buruzagi ohia eta haren bi semeak atera ziren atzo espetxetik. 2007an sartu zuten Nyoun kartzelan, junta militarraren barruan sortu ziren barne gatazken harira. Izan ere, demokraziarako bidea hastea eskatzen zuen zerbitzu sekretuen buruak. Pozik dago Nyoun, baina gogorarazi du oraindik «lagun ugari» dituela preso, eta horiek aske uzteko eskatu du.

Oposizioko 88ko Belaunaldia talde klandestinoko hainbat kide ere aske utzi dituzte. 1988an herritarrak erreforma demokratikoak eskatzeko kalera jotzera animatu zituzten. Armadak gogor erantzun zuen, eta ehunka lagun hil zituen. Taldeko buru Min Ko Naing askatu dute.

U Shin monje budistari ere eragin dio amnistiak, baita mobilizazio hartan haren kide izan ziren beste hainbat monjeri ere. 2007ko Azafrai Iraultzaren buru jotzen dute U Shin monjea. Junta Militarraren kontrako protestak egin zituzten hainbat hilabetez monje budistek, eta armadak ehunka lagun hil eta atxilotu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.