BANGLADESH

Ehunka lagun desagertu dira, jendez betetako Ferry bat hondoratuta

Ontzian 700dik gora bidaiari zihoazen, eta 200 soilik salbatu dira, ibaiertzera igerika helduz

Erredakzioa
2003ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ehunka lagun desagertuta zeuden atzo iluntzean Bangladesheko Meghna ibaian, Chandpur hiriaren inguruetan, 700 bidaiari inguru zeramatzan ibaiontzi bat hondaratu baitzen. MV Nasreen-1 barkua leporaino betea zen, legez baimendutako bidaiari kopurua aise ganditzen zuelarik, eta 200 lagunek baino ez zuten lortu onik eta salbu geratzea, ibaira jauzi egin eta gero ertzera igerika heltzea lortu baitzuten.

MV Nasreen-1 barkua Dakha hiriburutik Bangladesh hegoaldean kokatua den Barisal hirirako bidean zen eta, bat-batean, hondoratu egin zen, Chandpur hiriaren inguruetan. Ezbeharra Dakhatik 45 kilometro hego-ekialdera den Meghna, Padma eta Dakatia ibaiak elkartzen diren gunean gertatu zen. Toki horretan zurrunbilo handiak daude eta, gainerat, ibaiak gainezka eginda zeuden euriteen aroa baita Asia hego-ekialdean.

Salbatzea lortu duten bidaiariek egindako kontakizunen arabera, ibaiontziaren hondoratzea gertatu baino apur bat lehenago, MV Nasreen-1eko bi motorretatik bat matxuratu egin zen. Horren ondorioz, eta Meghna ibaian ur lasterra oso indartsua zelarik, ezin izan zuten ontzia kontrolatu. Ur ildo itzelen artean harrapatuta egon eta berehalaxe hondoa jo zuen. Ezbeharra hango gaueko 23:00ak inguruan gertatu zen (21:00ak Euskal Herrian), bidaiari gehienak euren logeletan zeudelarik.

Bidaiariak 429 izan beharrean 750 inguru zirela zehaztu zuen Dakhako ibai garraioetako arduradun nagusi Abdul Hossain Showdhuryk. Ontziak hondoa jo aitzin ibaira jauzi eta ertzera igerika heltzea lortu zuten lagun zenbaitek emandako datuen arabera, jende asko igo zen azken unean MV Nasreen-1era eta, haien iritzian, bidaiari kopurua 900 inguru izan zitekeen. Hala, baliteke desagertutakoak 700etik gora izatea. Agintariek, haatik, ez zituzten zifra horiek egiaztatu eta, haien arabera, 450etik gora dira hondoratzean desagertutakoak.

Sorospena

Hondoratzearen lekura bildutako sorospen zerbitzuek ez zuten ezer egiteko aukerarik izan, ur-lasterra oso indartsua baitzen eta zurrunbilo handiak baitzeuden. Hondamenaren gunera iritsitako sorosleen lehen barku-koek salbamendu lanetan jarduteko ahalik ez zuten izan; baina, askoren ustez, baldintzak hobeak izanda ere, inor bizirik aurkitzeko aukera gutxi izango zen.

Hondoratzea gertatu den gunea oso arriskutsua da eta 1994. urtean beste ibaiontzi batek hondoa jo zuten leku horretan bertan, 150 lagun baino gehiagoren itotzea eraginda. Arakatzeek aste bat iraun zuten arren, barkuaren ondarrak ez ziren sekula atzeman. Aurtengo apirilean, ontzi andana hondoratu zen Bangladesheko ibaietan. Eta haietatik bi egun berean hondoratu ziren; 181 lagun ito ziren egun hartan. Ibaien ur-lasterrak oso indartsuak izateaz gain, bidaiari ontzi horietatik gehienak oso traza txarrean daude, eta, arriskugarriegiak zirelakoan, ehunka barkuren ibilketa debekatu zuten agintariek. Alabaina, ibaiontzietako eskifaien hiru eguneko lanuztearen ondorioz, debekua atzera bota zuten.

 

IBAIONTZIAK



 

Garraiobide erabiliena





Bangladeshen 230 ibaitik gora daude, eta haietan ibaiontziz ibiltzea da garraio modu erabiliena, bide eta trenbide azpiegiturak nahiko eskasak baitira. Egunero, 3.000 barkuk baino gehiagok 100.000 bidaiaritik gora eramaten dituzte. Alabaina, ibaiontzi haietatik gehienek, oso traza txarrean izateaz gain, eramatea zilegi duten bidaiari kopurua baino nabarmen gehiago hartzen dituzte eta leporaino beteta ibiltzen dira uretan. Gainerat, ekaina erditsutik iraila bitartean, euriteen aroa da Asia hego-ekialdean eta ibaiak gainezka jartzen dira.

Gauza horiek guztiak horrela, istripuak maiz gertatzen dira ,eta iragan apirilean, esaterako, 181 lagun baino gehiago hil ziren egun berean gertatu ziren bi hondoraketetan. Ezbehar larrienetatik bat, haatik, 1986. urtean gertatu zen; jendez mukuru zegoen bidaiari ontzi bat hondoratu zen Meghna ibaian eta 600 lagun ito ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.