Asteburu benetan gogorra izan da azken hau Nigeriako Plateau estatuan bizi den komunitate kristauarentzat. Herenegun goizaldean hausa eta fulani etniako hainbat taldek auzo kristauei eraso zieten. Borrokek bi ordu iraun zuten, eta ehunka hildako eragin zituzten, Gobernuko iturrien arabera. Lekukoek salatu zuten erasotzaileak pistola eta aihotzekin sartu zirela etxeetan eta bertan zeuden guztiak hil zituztela. Biktima gehienak emakume eta haurrak dira. Plateau estatuko hiriburu Josetik gertu piztu ziren liskarrak. Stefanos Fundazioko arduradun Mark Lipdoren esanetan, Dogo Nahawa herrian bakarrik, 93 dira hildakoak. Nigeriako Poliziak, baina, gezurtatu egin zituen datu horiek, eta borroketan 55 pertsona hil zirela adierazi zuen. Agintariek inguruetara soldaduak bidali dituzten arren, ehunka pertsonak ihes egin dute.
Ez da Josen halakorik gertatzen den lehen aldia. Urtarrilean 200dik gora pertsona hil zituzten komunitate musulmanei erasota. Segurtasun indarrek uste dute orduko borroken mendekuz egin zutela herenegungo erasoaldia.
Konpondu ezinezko gatazka
Duela zortzi urte, 2001ean, izan ziren komunitate musulman eta kristauen arteko lehen borrokak,eta ordutik 2.000 pertsona hil dituzte. Gehiengo musulmaneko iparraldeko estatuetan xaria legea ezartzen hasi berriak ziren garai hartan, eta haserrea piztu zuen lurraldean gutxiengoa ziren kristauen artean. Gaur egun bederatzi estatutan dago indarrean lege islamikoa. Gobernu federalean, aldiz, Herriaren Alderdi Demokratikoa dago indarrean, hegoaldean gehiengoa den komunitate kristauaren sostenguarekin. Musulman gehienak, berriz, oposizioko Nigeriako Herriaren Alderdiko jarraitzaileak dira.
Josen piztutako liskarrak, ordea, ez dira soilik erlijioak bultzatutakoak. Plateau estatuko hiriburua, beste hiri askoren antzera, bitan dago zatitua; hiriaren alde batean kristauak bizi dira, eta bestean musulmanak. Gobernua, berriz, lehenengoek kontrolatzen dute. Hala, musulmanek leporatzen diete beren komunitateari mesede egitea, Gobernuan daudela baliatuz.
Bestalde, Plateau Nigeriako erdiko gerrikoa deritzon eskualdearen barruan dago. Natur baliabide ugariko lurraldeak banatzen ditu iparraldeko gehiengo musulmana eta hegoalde kristaua. Bigarrenak nekazaritzatik bizi dira gehienbat, eta kexu izan ohi dira, hausa eta fulani etniako abeltzainak beren lurretan sartzen zaizkietelako.
Nigeriako legediak ere ez du laguntzen bi komunitateen arteko harremanetan. Izan ere, herrialde osoan bezala, Plateaun kolonoak eta indigenak bereizten dituzte, eta hausa etniako musulmanak kolonotzat jotzen dituzte, nahiz eta belaunaldi ugaritan zehar bizi izan bertan. Horretaz gain, Konstituzioaren arabera, kolonoek ezin dira kargu publikoetan aritu, eta, beraz, ezta hauteskundeetara aurkeztu ere. Ondorioz, Gobernuak baztertu egiten dituela salatu izan dute maiz hegoaldean bizi diren komunitate musulmanek.
Ehunka pertsona hil dituzte Nigerian, komunitate kristauen aurkako erasoan
Hilketak mendekuz egin dituztela uste du Poliziak; Gobernuak soldaduak zabaldu ditu Jos hiriaren inguruetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu