SIRIA

Ekainaren 3an egingo dituzte hauteskundeak Sirian

Maiatzaren 1era bitarteko epea izango dute hautagaiek bozetara aurkezteko.

2014ko apirilaren 21a
12:04
Entzun

Mohamed al Laham Siriako Parlamentuko presidenteak jakinarazi du, parlamentuko saioan, ekainaren 3an egingo dituztela presidentetzarako hauteskundeak. 07:00 eta 19:00 artean izango dute herritarrek botoa emateko aukera, egun bakarrean. Atzerrian dauden hautesleek, berriz, maiatzaren 28an eman ahal izango dute botoa enbaxada eta kontsulatuetan, ordutegi berean.

Hautagaiek Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu behar dute hautagaitza, maiatzaren 1a baino lehen. Aurten ziren egitekoak bozak, baina udazkenerako espero ziren, Baxar al-Assaden presidentetza uztailaren 17an amaitzen delako eta, konstituzioaren arabera, 60-90 egun geroago deitu behar duelako hauteskundeetara.

Al-Assad 2000ko uztailaren 17an heldu zen presidentetzara, bere aita eta aurreko presidente Hafez al Assad hil eta astebetera. 2007an berretsi zuten karguan, erreferendum bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.