Ekainaren 8a egun seinalatua izango da aurten, eta ez soilik Euskal Herrian. Gure Esku Dago ekimenak Iruñea eta Durango giza kate batekin lotuko dituen egunean eta ordu berean, 12:00etan, Europako zazpi hiriburutan casteller bana egin nahi dute azaroan Katalunian egingo den galdeketaren alde. Catalans want to vote. Human towers for democracy du izena ekimenak, eta helburua izango da kataluniarrek euren etorkizuna erabaki nahi dutela "ozen" entzunarazte.
Berlin, Brusela, Geneva, Lisboa, Londres, Paris eta Bartzelona hautatu dituzte giza dorreak altxatzeko, eta Kataluniako hiriburuan lau izango dira, Gaudi plazan eta Sant Jaume plazan. Guztira, ikuskizun horretan aritzen diren hamar taldek parte hartuko dute. "Horien bitartez, Europan gure ahotsa sentitu nahi dugu, munduari esan kataluniarrok gure etorkizuna demokratikoki erabaki nahi dugula". Guztira, 1.000 casteller baino gehiago mobilizatuko dira egun horretan.
Gainera, talde gehiagok dorre gehiago egin nahi badute, euren herrietan egitera deitu dituzte antolatzaileek. Omnium Cultural elkarteak antolatu du, dirua irabazteko asmorik gabe Kataluniako kultura, hizkuntza eta eskubide nazionalen alde aritzen den elkartea. Giza dorreak egiten dituzten elkarteen koordinakundeak izan dute lagun. "Gazteenetik zaharrenera, kolore guztietakoak, guztiok gaude gonbidatuta. Elkarlanaren adibide bat da, kohesio soziolanaren ikur bat. Kataluniarrak garenaren eta izan nahi dugunaren marrazkia".
Verkami plataforman dirua biltzeko kanpaina ere hasi dute ekitaldiak dituen gastuak betetze aldera.