EKIALDE HURBILA . Abbasi eta Olmerti negoziatzen hasteko eskatu die NBEk

Ekintzaile suizida batek lau kolono hil ditu; erresistentziako buru bat hil dute, eta haren hiletan piztutako borroketan hiru palestinar hil dituzte

Erredakzioa
2006ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Ekialde Hurbileko egoera aztertzeko bilera egin zuen atzo New Yorken. NBEko Auzi Politikoetarako idazkari nagusiaren ondokoa, Tuliameni Kalomoh, Israelgo jarduneko lehen ministro Ehud Olmerti eta Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasi zuzendu zitzaien, estatu palestinarra sortzeko negoziazioei ekin diezaioten eskatzeko. «PANeko gobernu berriaren egitasmoak Hamasen ibilbide kezkagarriarekiko bilakaera zantzuak ditu», esan zuen, baina PANek nazioartearen laguntza jasotzen segitzeko Israelekin sinatutako akordioak errespetatu, Errepide Mapa negoziazioetarako oinarritzat hartu eta indarkeriari uko egin beharko ziola berretsi zuen.

Era berean, Israelen behin betiko mugak finkatzeko tenorean aldebakarreko erabakiak hartuz gero palestinarren bakearekiko konpromisoa arriskuan jarriko zuela ohartarazi zion Olmerti.Bitartean, indarkeriak ez zuen izan etenik. Israelek okupazioarekin segitzen zuelarik, herenegun gauean Al Aksako Martirien Brigadetako ekintzaile batek, judu ortodoxoz jantzita, haien autoan hartu zuten lau kolono judu (tartean bi gaztetxo) hil zituen, aldean zeraman bonba zartarazita, Kedumim kokagunetik gertu, Nabulus ondoan. Horren ondoren, Israelgo Armadak Nabulusen blokeoa sendotu zuen. Halaber, Gaza eskualdeko erdialdea eta iparraldea bonbardatu zituen, airetik.

Hilketak Gazan

Bestalde, PRC Herri Erresistentziaren Batzordeak talde armatuko buruzagi Abu Jusuf al Kuka hil zuten atzo Gaza hirian. Hasieran zabaldu zen Israelgo airekoek misil bat jaurti zutela haren autoaren kontra. Alabaina, geroago PRCko eledun Abu Abirrek esan zuen hura mezkitara oinez zihoala, bonba-auto bat zartarazi zutela. Atentatua PANeko segurtasun indarrei eta Al Fata alderdiko buruzagiei egotzi zien, eta Israelgo Armadak lagunduta egin zutela salatu zuten. Al Kuka Al Fatako kidea izan zen, baina beste kide batzuekin eta beste talde politiko-militarretako ekintzaileekin batera hura utzi eta PRC sortu zuen.

Salaketa horiek prentsaren aurrean kalean Al Fatako buru baten etxetik hurbil egiten ari zela, burua estalita zeukaten gizonezko batzuek Abu Abirri tiro egin eta hiru pertsona zauritu zituzten, tartean bi gaztetxo.Al Kukaren hiletan, aldiz, PRCko ekintzaile armatuen eta PANeko segurtasun indarren artean tiroketa piztu zen. Ondorioz, hiru pertsona hil, tartean hileta segizioan parte hartzen ari zen PRCko kide bat, eta beste 22 zauritu zituzten. PANeko lehen ministro Ismail Haniak (Hamasekoa) Al Kukaren hilketa ikertzeko batzordea eratuko zuela esan, eta palestinarren arteko erasoak eteteko exijitu zuen. Probokazioetan ez erortzeko eskatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.