EKIALDE HURBILA . Hamas Gobernutik kentzeko boterea duela ohartarazi du Abbasek

PANeko presidenteak exekutiboa desegingo du, prentsaren arabera

Erredakzioa
2006ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Konstituzioak autoritate argi eta zehatza ematen dit gobernu bat boteretik kentzeko, baina ez dut autoritate hori erabili nahi. Denek jakin beharko lukete botere hori dudala», adierazi dio Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek (Al Fatakoa) CNN-Turk telebistari. Egunotan tentsioa da nagusi Al Fataren eta Hamasen artean, Gobernuan zein kalean, jarraitzaileen artean, eta hitzezko enfrentamenduez gain, harriak, molotov koktelak eta tiroak ere izan dira tartean. Abbas Europara joan da, palestinarrentzako diru laguntzak nola jaso aztertzeko.

Honen hitzen aurrean, Hamasen gobernuko eledun Gazi Hamadek esan du ez zituzkeela halako deklarazioak egin behar gobernuaren agintaldi hasieran. «Abbas presidenteak gobernu hau babestea espero dugu, ez halako deklarazioak egitea». Abbasen ingurukoek zehaztu dute honen hitzen xedea Hamaseko politburoko buru Khaled Meshaalen kritikei erantzutea dela, eta ez duela oraingoz Gobernua desegiteko asmorik. Hori soilik egoera ekonomikoa «hondamendi» bilakatuko balitz egingo lukeela diote. Israelgo Yediot Aharonot egunkariaren arabera, Abbasek badu asmorik Ismail Hania gobernuburua kargugabetzeko, nazioarteko babesarekin. Hari jarraiki, abuzturako dago aurreikusia PANeko gobernua eroraraztea. Itxuraz, AEB, Egipto, Jordania, Saudi Arabia eta Israelekin atondu du Abbasek plana. Haatik, egunkariak ez du zehaztu nola lortuko duen PANeko presidenteak Legebiltzarraren sostengua. Hamasek gehiengo zabala du, 132 diputatuetatik 74, eta Al Fatak, berriz, 45.

Liskarrak

Egunotako liskarrak bukatzeko Al Fatak eta Hamasek igandean hitzartutako meniak ez du askorik iraun. Gazako eta Zisjordaniako hainbat hiritan borrokak izan ziren handik ordu gutxira. Al Fata eta Hamaseko kideen arteko borrokak larunbatean piztu ziren, Gazako Unibertsitate Islamikoan, eta gero hainbat hiritara zabaldu. Al Fatako ehunka jarraitzaile manifestatu ziren, Meshaalen aurka protesta egiteko. Ostiralean Meshaalek Abbasi «traidore» eta «ustel» deitu izanak liskarrak piztu zituen. Dena den, ez zen sua piztu zuen gertakari bakarra izan. Hamasek urtarrilean bozak irabazi eta Gobernua osatu zuenetik, lehen agintean zen Al Fatari lotutako talde armatuek jarrera erasokorra izan dute Gobernuaren aurka.

Al Fatako kide ohi eta egun Herri Erresistentziaren Batzordeak talde armatuko burua den Jamal Abu Samhadana polizia indarren buru jartzeak Al Fata haserretu du. Israelen ere krisia piztu da. Ehud Olmert gobernuburuaren Kadima alderdian kexua eragin du Gobernuko kargu banaketak. Kide askok kanpainako promesak ez betetzea egotzi diote Olmerti. Laboristen buru Amir Peretz Defentsa ministro proposatu izanak Shaul Mofaz egungo Defentsa ministroa sumindu du. Bi alderdiez gain, Shas, Yisrael Beitenu, Torah Judaismo Batua eta Erretiratuen Alderdia izango dira Gobernuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.