EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. Banaketa hesiaren zati bat aldatzeko agindu du Israelgo Auzitegi Gorenak

Palestinarren salaketak aintzat hartu eta hesiak «giza eskubideak» urratzen dituela dio epaiak

ERREDAKZIOA
2004ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Israel Zisjordanian eraikitzen ari den banaketa hesiaren ibilbidearen zati bat aldatzea ebatzi zuen atzo Israelgo Justizia Auzitegi Gorenak, palestinarren «giza eskubideak eta nazioarteko legeak urratzen» dituela argudiatuta. Ipar-ekialdeko hamar herrixka inguratzen dituen 30 kilometroko hesiaren ibilbidea aldatzeko agindu zuen, tartean, Beit Furik herriaren kanpoaldean dagoen hesi zatiaren ibilbidea, hain zuzen ere. Auzitegi Goreneko Aaron Barak, Eliau Mazza eta Mikael Jesin epaileen arabera, banaketa hesiak palestinarrengan «eragin zuzena» du eta, hortaz, euren «eguneroko bizimoduan zailtasunak eragozteko» ibilbidea aldatzea erabaki zuten: «Herritarrengan kalte txikiena eragiteko irizpidea aintzat hartuta eraiki behar da hesia». Israelgo Defentsa Ministerioak ebazpena beteko duela adierazi zuen atzo.

Tel Avivek aldatu beharreko 30 kilometroko ibilbidearen zati bat dagoeneko zutituta dago. Hainbat informazio iturriren arabera, zati horren %40, 10 kilometro inguru daude altxatuta. Israelek, hortaz, eraikuntza zati hori eraitsi beharko du.Israelgo Justizia Auzitegi Gorenak joan den otsailean agindu zuen hesiaren zati hori behin-behinean eraikitzeari uzteko, kalteak izandako 45.000 palestinarren salaketa jaso ondoren. Hesiak hamar herri palestinarretan izan dezakeen eragina aztertzen aritu dira denbora tarte honetan epaileak.Palestinarren abokatu Mohamed Dalaren ustez, «israeldarren segurtasuna bermatzeak» ez du justifikatzen palestinarrei kalteak eragiterik: «Ibilbidea iragarrita zegoen moduan eginez gero, 45.000 palestinar bakartuta geldituko lirateke eta euren diru sarrera bakarra gabe 5.000 hektareako lur eremua; beraz, hondamendia litzateke».Epaia aurrekari itxaropentsua izan daiteke une honetan ebaztear dauden beste hogei salaketaaintzat hartuta. «Erabaki ausarta eta garrantzitsua da: bete beharreko epaia da. Legez kanpokoa da erabat hesia eraikitzeko modua: palestinarren eskubideak urratu gabe eraiki baitaiteke», zehaztu zuen Dalak.Israelgo lehen ministro Ariel Sharonen Likud alderdiak gogor gaitzetsi zuen atzo epaia: «Hesia planifikatuta zegoen moduan eraikitzea ezinbestekoa da ekintzaile palestinarrei aurre egiteko». Uzi Landauren ustez, Auzitegi Gorena «berari ez dagokion eremuan sartu da: segurtasunaren eremuan, alegia».PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Ahmed Kureiak hesiaren ibilbidea aldatu arren hesia bera «erasoa» dela zehaztu zuen atzo, «ibilbidea edozein izanda ere».Israelgo Justizia Auzitegi Gorenaren epaia Nazioarteko Zigor Auzitegiarena baino astebete lehenago etorri da; izan ere, Haga uztailaren 9an da ematekoa banaketa hesiaren zilegitasunaren inguruko epaia; ez da izango loteslea. Israelek Baka al Sharkia eta Zieta herriak zatitzen zituen zortzi kilometroko hesi zatia bota zuen otsailaren hasieran, hain zuzen ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiak 730 kilometro izango dituen eraikuntzaren zilegitasuna aztertzen hasi aurreko egunean.

Beste palestinar bat hil dute Gazan

Bien bitartean, Israelgo Armadak gazte palestinar bat hil eta beste lau zauritu zituen atzo Beit Hanun herrian, Gazan. Bertan, «hilabeteetako» erasoaldia egiteko prestatzen ari da Tel Aviv, astelehenean herria setiatu ondoren. Egun horretan bertan, Al Kassam misilak bota zituzten ustezko ekintzaile palestinarrek aurreneko aldiz bi israeldarren heriotza eraginez, tartean, lau urteko ume bat. Herenegun, berriz, hainbat misil jaurti zituzten bertatik eta horietako hainbat Israelgo lehen ministro Ariel Sharon zegoen lekutik 200 metrora lehertu zirela jakinarazi zuten.

Bestetik, joan den ostiralean Khan Junis herrian zauritu zuten palestinarra atzo hil zen. Herenegun, bestetik, Hamas erakundeko ekintzaile bat hil zen ustez prestatzen ari zen bonba bere eskuetan lehertu zenean.

-

NATIBITATE BASILIKAKO ERBESTERATUAK



Europan diren palestinarrei bueltatzea ukatu die Israelek



Europan babestuta dauden hamahiru palestinarreri euren jaioterrira itzultzeko eskubidea ukatu zien atzo Israelek. Hamahiruak Belengo Natibitate basilikako setioan izan ziren eta, israeldarrek eta palestinarrek hitzarmena egin ondoren, Italian, Belgikan, Espainian, Grezian, Irlandan, Grezian eta Zipren babestu ziren. Akordioaren arabera, erbestean egoteko epea bi urtekoa zen eta, hortaz, Europako Batzordeak beste sei hilabetez luzatu zuen joan den maiatzaren 7an herrialdeotan egoteko baimena. Dena den, ez dago prest egonaldia berritzeko.

Israelgo Armadak 200 palestinar, tartean 30 apaiz, izan zituen setiaturik Belengo basilikan 2002. urtean, Zisjordanian erasoaldi handia egin zuen bitartean. Europako Batasunaren eta CIAren bitartekaritzarekin, palestinarrek eta israeldarrek akordioa sinatu zuten. Tel Avivek atzera egitea onartu zuen elizan ziren palestinarrak atera zitezen, trukean «arriskutsutzat» jotzen zituen ustezko hamahiru pertsonen erbesteratzea eskatuz.Israelgo irrati publikoaren arabera, hamahiru palestinarrak euren jaioterrietara bueltatzen badira, epaituak eta espetxeratuak izango dira. Israelgo lehen ministro Ariel Sharon palestinarren itzulera ez den beste irtenbide bat negotziako prest agertu da, irratiaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.