EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. BORROKAK JERUSALEMEN. Intifadaren sua piztu dute

Israelen «probokazioei» erantzuteko, Haserrearen Eguna antolatu du Hamasek; 50 lagun inguru zauritu dira liskarretan

arantxa elizegi egilegor
2010eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Pazientzia amaitzen ari zaie palestinarrei. Gazako blokeoa eta Zisjordaniako kolonia juduak etengabe zabaltzearekin nahikoa ez, eta herenegun Hurva -hondakina hebreeraz- sinagoga inauguratu zuten israeldarrek, non eta Al Aksako mezkitatik 400 metrora -musulmanen gune sakratuetako bat da Al Aksa-. Tel Avivek Jerusalem ekialdean 1.600 etxebizitza eraikitzeko asmoa duela jakinarazi eta bi aldeen arteko zeharkako elkarrizketak bertan behera geratu eta gutxira amaitu dute gainera sinagoga. Horiek hala, Haserrearen Eguna deitu zuen atzo Hamasek, Israelen «probokazioei» erantzuteko.

Goiz-goizetik piztu ziren borrokak hiri okupatuko hainbat gunetan, besteak beste, Ramalarako sarreran -han dago Palestinako Aginte Nazionalaren egoitza-, Shualat errefuxiatu gunean, Ras el Amuden eta Wadi Joz auzoetan. Gerta zitekeenaren beldur 3.000 bat polizia jarri zituzten agintari israeldarrek hiriaren inguruetan. Horrek, baina, istiluak okertzeko soilik balio izan zuen.

Palestinarrek errepideak itxi zituzten gurpilei eta edukiontziei su emanez, eta baita segurtasun indarrei harriak jaurti ere. Damaskoko Atearen parean berrehun bat lagun bildu ziren protesta baketsuan. «Ez dugula etsiko esatera etorri gara hona; Jerusalem etorkizuneko estatu palestinarraren hiriburua da», adierazi zuen Mustafa Bargutik, PANeko presidentetzarako hautagai izandakoak. Borroketan 50 lagun inguru zauritu eta dozenaka atxilotu zituzten. Lekukoek Intifadako enfrentamenduekin alderatu zituzten borrokak. Bargutik eta Taled As-Sana diputatu arabiarrak deitutako manifestazioa ere indarrez sakabanatu zuten segurtasun indarrek.

Palestinarrek ez ezik, nazioarteak ere gogor gaitzetsi du Mezkiten Zabalgunetik hain gertu sinagoga bat eraiki izana. «Jerusalem ekialdean esku hartzea lerro gorria zeharkatzea da», salatu du Jordaniako Gobernuak. 1994ko bake akordioen arabera, Ammanena da Jerusalem ekialdeko kultur ondarea babesteko ardura -1967ko gerraren ostean, okupatu zuen Tel Avivek hiriaren ekialdea-. Han ere ehunka lagun irten ziren atzo kalera okupazioaren aurka protestatzera.

Urrats bat haratago joan da Arabiar Liga, eta hirugarren Intifada hastearen arriskuaz ohartarazi du. «Polizia israeldarren eta palestinarren arteko borrokek azken horien haserrea erakusten dute, eta beste Intifada bat hasteko arriskuaz ohartarazten».

Mitchell, etxean

Jerusalemgo istiluen hotsa Nazio Batuen Erakundearen egoitzaraino iritsi da. «Hiria sakratua da hiru erlijioentzat, eta, beraz, bake elkarrizketetan argitu beharreko auzia da haren estatusa», nabarmendu du NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek. Buruzagiak Tel Avivi ere luzatu dio oharra, eta gogorarazi kokaguneak legez kanpokoak direla nazioarteko legediaren arabera. Bide beretik, 2007ko ekainetik indarrean dagoen Gazako blokeoa amaitzeko ere exijitu dio gobernu juduari. Laukotearekin biltzekoa da Ban etzi, Ekialde Hurbileko gatazkaz hitz egiteko -NBEk, Europako Batasunak, AEBek eta Errusiak osatzen dute laukotea-.

Nazioarteko ordezkariek Moskun egitekoa duten bileran aztertuko dituzten gaien artean izango da ziurrenik Jerusalem ekialdean 1.600 etxe egiteko Tel Aviven proiektua, eta horren ondorioz bake elkarrizketak bertan behera geratu izana. Hain zuzen ere,AEBetako ordezkari bereziarekin, George Mitchellekin, biltzekoa zen atzo Israelgo presidente Shimon Peres, baina Etxe Zuriaren bidali bereziak bertan behera utzi zuen bidaia azken orduan. Washingtonek erabakiaren inguruko azalpenik eman ez duen arren, pentsatzekoa da Israelen jarrerak zerikusia izan duela.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak barkamena eskatu du aste honetan eraikuntza proiektuen berria «une desegokian» emateagatik, baina ez, hala, egitasmoaren edukiagatik. Lehen ministroak erabaki zaila du hartzeko: kolonien eraikuntza eteten badu, eskuin muturrak bertan behera utz lezake koalizio gobernua, Netanyahu bera agintetik kanpo geratuz; aldiz, proiektuarekin jarraituz gero, AEBekiko harremanak geratuko lirateke kolokan.

Azken aukera

Estatu Batuen eta Israelen arteko erlazioak azken 35 urteetako okerrena direla aitortu du Tel Avivek Washingtonen duen enbaxadoreak, Michael Orenek. Horregatik eta giroa gehiago bero ez dadin auziaren inguruko adierazpenik ez egiteko eskatu die Netanyahuk gobernuko kideei. Aldi berean, asteburuan AIPAC lobby juduarekin egitekoa duen bilera baliatu asmo du lehen ministroak Barack Obama presidentearengana gerturatzeko.

Bitartean, AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek bake prozesuarekiko konpromisoa eskatu dio Israeli. The Washington Post egunkariaren arabera, kokaguneen eraikuntza gelditzeko, palestinarrekiko elkarrizketetan «funtsezko urratsak» egiteko, eta negoziazioetan gatazkaren zio nagusiak eztabaidatzeko hitza emateko eskatu zion Clintonek Netanyahuri, joan den ostiralean izandako telefono hizketaldian.

Denak ez daude, ordea, elkarrizketa mahaian esertzeko prest, eta Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermanek erantzun dio Washingtoni esanez haren eskaerak «zentzugabeak» direla. Eskuin muturreko buruzagiaren iritziz, AEBetako Gobernuarekiko hika-mika laster amaituko da. «Ez zaigu biotako inori interesatzen horrela jarraitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.