EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. BORROKAK JERUSALEMEN. «Palestinarrek beraien ikuspegitik azaldu behar diote egoera munduari»

Okupazioaren bidez Israelek palestinarren giza eskubideak urratzen dituela salatu, eta haren aurkako boikota egitera deitu du D'laminik.

Bilbo
2010eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Sidumo D'lamini (Swazilandia, 1966) Euskal Herrira etorri da Palestinaren aldeko Newando sareak, Bakea eta Duintasuna Elkarteak, Mundubatek, Bakea eta Elkartasunak, Euskadiko GKEen Koordinakundeak eta beste hainbat erakundek gonbidatuta. Boikota, kontrairaultzak eta baieztapenak izeneko kanpaina aurkeztu zuen atzo Palestinako Bakerako Emakumeen Koalizioko koordinatzaile Lana Khaskia, eta Al Maasarako alkate Ahmud Hussein Zauahrarekin batera. Israelen aurkako bortizkeriarik gabeko boikota sustatzea, eta lurralde okupatuetako eskubideen urraketak salatzea dira kanpainaren xedeak.

Zer da Stop apartheid, ez Hegoafrikan ezta Palestinan hitzaldiarekin salatu nahi duzuena?

Hegoafrikako apartheid-a eta Palestinan gertatzen ari dena oso antzekoak direla azpimarratu nahi dugu. Hegoafrikan segregazio politikak zeuden, jendea banatzen zuten botere kolektiboa ekiditeko. Palestinan hori bera errepikatzen da. Israeldarrek erabakitzeko aukera kentzen diete palestinarrei okupazioaren bidez. Euren bizimodua, kultura eta erlijioa izatea galarazten diete. Hegoafrikan ondo baino hobeto ezagutzen dugu egoera hori. Han apartheid-a gainditu genuen, eta honakoa ere gainditu daitekeela uste dut. Benetan zer gertatzen ari den barneratzea oso garrantzitsua da; horrela, aurre egin diezaiokegu errealitateari. Nazioartean, Israel eta Palestina maila berean kokatuta daudenaren ideia zabaldu da; baina hori ez da horrela. Bata, okupazio lanetan ari da; bestea, erresistentzian. Indarrak ez daude parekaturik gatazka honetan, eta hori garbi utzi behar da.

Zertan desberdintzen dira Hegoafrikako apartheid-a eta palestinarren egoera?

Lehenik eta behin, desberdintasun geografikoa dago, noski. Bigarrenik, Israelgo Estatuak palestinarren lurrak okupatzen jarraitzen du, eta, aldiz, Hegoafrikan libre gara. Hori alboratuta, antzekotasun asko daude bi kasuen artean. Palestinarrak beraienak izan ziren lurretan sakabanatuta bizi dira egun. Beraien etxeetatik, herrietatik indarrez atera dituzte, krimenen bidez; hori ez da ahaztu behar. Aditu batzuek esaten dutenez, irtenbidea litzateke bi estatu paralelo sortzea, baina nik ez dut horrela pentsatzen, hori arazoari ihes egitea da.

Zergatik ez du nazioarteak ezer egiten Israelen politika aldatzeko?

Israelek harremanak ditu gobernu askorekin, bai Europan eta baita Amerikan ere. Bestalde, Israelgo informazio zerbitzuak oso aurreratuak daude palestinarrekin alderatuta. Horiek horrela, propaganda erabiltzen dute ideia zehatz batzuk zabaltzeko; palestinarrek terroristen papera betetzen dute, eta eurak, berriz, biktimak dira. Baina soldadu israeldarrek ume palestinarrak erailtzen dituztenean ez dute terrorismotzat jotzen. Nazioartean ideia jakin batzuk zabaldu izanak ez du esan nahi zuzenak direnik. Propaganda darabilte errealitatearen irudi okerra hedatzeko.

Estatu palestinarrak, azkenean, bere xedea lortuko duela uste duzu?

Oso zail ikusten dut hori. Israelgo Gobernuak Palestina zapaldu nahi du. Baina nazioartea sartu da gatazka honetan, eta horrek zailtzen du konponbidea.

Barack Obamak AEBetako presidentetza hartu zuenean Ekialde Hurbileko negoziazio prozesuan urratsak egitea jarri zuen lehentasun gisa. Gatazkak, ordea, bere horretan dirau. Zer gertatu da?

Obama boterera heldu zenean guztioi esperantzak piztu zitzaizkigun Ameriketako Estatu Batuetako atzerri politikak aldatuko zituelakoan. Uste genuen Israelen jarrera gaitzetsiko zuela, giza eskubideen aurka burutako ekintzengatik. Tamalez, ez da horrela izan. Izan duen jarrera baino zerbait gogorragoa espero genuen.

Egunero palestinarren eta israeldarren arteko borroken berri ematen dute komunikabideetan. Haserrearen Eguna deitu du ere Hamasek. Zein da, zure aburuz, arazo horren irtenbidea?

Palestinan talde desberdin asko daude, baina denek dute helburu komun bakarra: okupazioa amaitzea. Estrategia desberdinak erabiltzen dituzte hori lortzeko, batzuk besteak baino bortitzagoak izan daitezke; egun hau izendatzea beste estrategia bat baino ez da izan.

Ezin dut ulertu zergatik ez diren borrokak amaitzen. Elkarrizketa da behar dutena, palestinarren ahotsa entzun behar da. Hau esaten ari naiz Hegoafrikako apartheid-a aintzat hartuta. Aukera eman behar diegu palestinarrei euren burua identifikatu dezaten; palestinarren gehiengoak nahi duena errespetatu beharra dago. Palestinarrek beraien ikuspegitik azaldu behar diote egoera munduari. Bertaratu egin behar da errealitatea ezagutu ahal izateko, eta okupazioaren aurkako protestak ikusteko eta ulertzeko. Horrela ezagutuko dugu palestinar herriaren mina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.