EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. GAZAKO ERRETIRATZEA. Harribitxi grisa eta iluna

KRISTINA BERASAIN - GAZA/BERRIEMAIL
2005eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun


retzeko porlan zuriko pasabide luzean mundu txiki bat dago. Mutil gazte bat kazetariari laguntzera hurbildu zaio. Motxila hartu dio. Alboan umea besoan eta trastez gainezka oinez doan emakume palestinarrari ez dio begiratu ere egin. Kazetaria hurbildu da emakumearengana. Trasteren bat hartu nahi dio, baina andreak ume jaio berria jarri dio besoetan. Pasabidetik ateratzean mundu oso bat dago. Gaza. Palestinarren harribitxia.

Lerro Berdea zeharkatu ondoren dagoen errepide kaskarraren bi aldeetan kolore gris iluneko eraikin fantasmagorikoak ikus daitezke. Tarteka etxola txikiak. Zaborra han eta hemen. Hortzemuga zabalean amaierarik ez duen ikusmena da. Hiri bat edo errefuxiatu gunea, bat non amaitzen den eta bestea non hasten den bereiztea ezinezkoa da. Beit Hanun, Beit Lahia, Jabalia... Orotara 1,39 milioi pertsona bizi dira Gazan horietatik bederatzi milioi errefuxiatuak dira. Luzeran 40 kilometro eta zabaleran 10 kilometro koadro dituen eremuan, 3.500 palestinar bizi dira. Gazaren %80 egon da orain arte palestinarren eskuetan eta gainontzeko %20 kolonoen eskuetan orotara 8.000 kolono zeuden. Gaza da populazio dentsitate handiena duen eskualdea munduan. «Gure herrian gehiengo judua osatzeko aukera utopia bihurtu delako erretiratzen ari da Israel». Saiden (58) hitzak dira. Taxista da eta etengabe bozina jotzen ari da. Ohikoa da gidariek etengabe bozina jotzea. Umeak nonahi ikus daitezke. Hotelen sarreretan pilatzen dira turistei shekelak eskatzeko. Populazioaren %60 hamasei urtetik beherakoa da. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, datorren urtean %72ra iritsiko da pobrezia tasa. Orotara zortzi errefuxiatu gune daude eta bertako bizi baldintzak are gogorragoak dira. Nazioarteko erakundeek emandako diru laguntzari esker bizi dira errefuxiatu guneetako palestinar asko 600.000 inguru, baina laguntza hori murriztu egiten ari da urtetik urtera.Bandera palestinarrak eskuetan autoetan kantatzen eta oihukatzen doazen gazte taldeak ikusten dira tarteka hirian. Erretiratzea ospatzen ari dira. Palestinarrak forman ez, baina edukian pozik daude erretiratzearekin. Al Uahda kaleko zuhaitz baten itzalean eserita dago Ahmed (68). «Israelek okupazioarekin amaitzea ona da eta gure garaipena da». Erretiratzearen atzean, baina, estrategia ezkutu bat dagoela pentsatzen du. «Israel oso zuhurra da. Gazatik doa baina estrategia argi bat du. Zisjordania eta Jerusalem eskuratu eta gero eta kokagune gehiago egingo ditu han». Iritzi hori jende askoren ahotan dabil eta hori pentsatzeko arrazoirik ez da falta. Gazako hogeita bat kokaguneetan orotara 8.000 kolono inguru bizi ziren. Zisjordanian, berriz, 231.000 kolono bizi dira. Ariel Sharon Israelgo lehen ministroak sei kokagune handituko dituela iragarri du aste honetan bertan. Zisjordaniaren %58 geldi daiteke etorkizun hurbil batean juduen eskuetan. Urte honetako aurreneko hiru hilabeteetan 564 etxe eraiki ziren Zisjordanian. «Zisjordania eta Jerusalem gure esku gelditu arte ez da okupazioa amaituko», nabarmendu du Ahmedek.

Zisjordaniako 'bantustanak'

Zisjordanian 650 kilometro luzeran eta zortzi metro alturan dituen hesia eraikitzen ari da Israel. Ekintzaileen erasoak eragoztea da argudioa. Hesiak, baina, palestinarren eskubideak urratzen ditu eta nazioarteak legez kanpokotzat jo duen arren zutitzen jarraitzen dute. Zisjordanian bizi diren lau milioi palestinarrak, horrela, bantustanetan hesituta egongo dira. Zisjordanian eta Gazan bizi diren palestinarrek ezin dute elkar ikusi. Israel dute erdian.

Gaza, ildo horretan, kartzelabilakatuko den beldur dira palestinar asko. Uissam (28) lagunekin hitz egiten ari da kalean. Bero dago. «Gaza kartzela haundi bat bilakatuko da. Zisjordaniara joateko pasabidea egitea eta mugen, itsasoaren eta airearen kontrola gure esku gelditzea ezinbestekoa da hemen ito ez gaitezen». Uissan injeniaria da baina langabezian dago. «Gazan dagoen arazo handienetako bat langabezia da. Jendeak ez du oinarrizkoak diren gauzak erosteko dirurik». Musika entzuten da. Ezkontza bateko ospakizuna da. Emaztegaia loreak daraman autoan doa eta atzean dozenaka auto. Pozik dago jendea. Amjad (20) zapatak saltzen dituen lagun baten dendan dago. Gazan dagoen arazo handiena langabezia dela esatean bat dator Uissamekin. «Gazteen %34 lanik gabe gaude. Israel horren erruduna da neurri haundi batean baina gure agintariak ere arazo honen erantzuleak dira».Israelen lanean ari ziren palestinar asko eta asko intifada hasi aurretik. Orotara 30.000 palestinar ari ziren lanean mugaren bestaldean 2000. urtean. Azken bost urteotan, baina, dexente murriztu da kopuru hori eta hainbat informazio iturriren arabera, egun lau mila baino gutxiago dira. Gazako kokaguneetan orain arte lan egiten zuten palestinarrak ere lanik gabe gelditu dira. Eguneko 50 shekel 9 euro irabazten zituzten eta maiz arazoak izaten zituzten mugan etxera bueltatu ahal izateko. Orduan egon behar izaten zuten zain.

Moaeen (23) artista da. Eskultorea. «Langabeziak sufrimendu asko eragiten du eta sufrimendu horrek bestelako ondorioak eragiten ditu. Jendeak ezer ez duenean muturrekoa bilakatzen da eta hori ez da ona izango gure etorkizunerako». Erretiratze planari esker «askatasuna» lortuko dutela uste du gazteak baina «israeldarren benetako asmoen» beldur della dio: «Oso ongi ezagutzen dugun herria da».

Israelek 45 palestinar hil zituen bataz beste iaz eta hilabetero 120 eraikin suntsitu zituen. Azken lau urtetan 24.000 palestinar etxerik gabe gelditu dira. Diru iturri banakak diren olibondoak ere suntsitzen ditu etengabe Israelek. «Israel gure sufrimenduaren erantzulea da». Gazako kaleetan zaborra pilatzen da. Etxeak grisak eta ilunak dira. Porlanezko eraikinentzat ez da koloretako pinturarik iristen. Kokaguneetako eraikinak suntsitzen direnean lur eremuaren %40a hondakinez beteta egongo da Gazan. «Gazan bizitzea miserablea da». Nissreen ari da hizketan. Gazako Unibertsitatean ingelesa ikasten ari da eta egunotan arabiera-ingelesa itzultzaile lanak egiten ari da herrialdera joandako dozenaka kazetariekin. «Erretiratze planak onurak ekartzea espero dut. Hezkuntzan, kulturan eta ekonomiaren alorrean aurrerapauso asko eman behar dira».

Zapia darama buruan Nissreenek. Emakume palestinar guztiak bezala. Oinetaraino iristen zaio soineko luzearen azpian pantaloi bakeroan antzematen zaizkio. «Atzerrira joan nahiko nuke nire ingelesa hobetzera, baina ez da batere erraza izango».

Gazatik erretiratzeko planari positiboa eta susmagarria iritzi dio ikasleak. «Israelek nazioarteko ebazpen guztiei muzin egin eta legedia urratu du orain arte. Erabaki hau nazioarteari begira hartu duela iruditzen zait eta horren ondoren beldurgarria izango duen neurriren bat hartu lezake».

Ospakizunak

Mediterraneo itsasoan burutik oinetaraino beltzez jantzita dauden emakumeak bainatzen ari dira. Hondartza txiki bat dute. Gizonezkoen hondartzatik bananduta. Portuan erabat hondatuta dauden ontziak daude eta txalupa txikiagoak uretan. Umeak ontziz ontzi ibiltzen dira jolasean. Arrapatutako arrainak astoetan eramaten dituzte.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mahmud Abaseek esaldi itxaropentsua bota zuen aste honetan. «Gazaren ondoren Jerusalem izango da». Erretiratze planari «pauso historikoa» iritsi zion agintariak baina ez dela nahikoa gaineratu zuen. Jerusalem eta Zisjordaniaren deskolonizazioaren zain daude palestinarrak. PANek 1,7 milioi dolar gastatuko ditu erretiratze plana ospatzeko. 20.000 bandera aterako dituzte kalera urrian. «Gure harribitxia aldarrikatzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.