Gaza lurralde palestinarraren kontrako aire eraso gogorretan hirugarren egun eta gauaz jarraian aritu zelarik atzo Israel, oldarraldi bortitz horren helburua Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimendua agintetik botatzea dela aitortu du Tel Avivek, eta ohartarazi «azkeneraino» eramango duela operazioa.
«Gazan egiten ari garen ekitaldi armatuen helburua da lurralde horretan agintzen duen Hamas erakunde terroristaren gobernua amaitzea», aitortu du Israelgo lehen ministrorde Haim Ramonek. Tel Aviveko aginteko bigarrenak jarraitu du: «Oldar egiteari utziko diogu Gazako Gobernuaren ardura, Hamas ez den edozeinek hartu bezain laster; Hamas izan ezik beste edozein aginte egotearen alde gaude». Ramonek gaineratu du: «Boterea indarrez hartu duen erakunde terrorista bati egiten diogu aurre, eta Israelgo indar armatuak orain egiten ari direna Hamas erakundeak Gazako egoera kontrolatzen jarrai dezan eragoztea da».
Israelgo Defentsa ministro Ehud Barakek zehaztu du: «Ez gara Gazako herritarren kontra ari, baina gupidarik gabeko gerra egingo dugu Hamasen eta haren sustatzaileen aurka». Tel Aviveko Legebiltzarrean egin zituen adierazpen horietaz gain, Barakek telefono solasaldiak izan ditu Laukotearen -Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Europako Batasuna, Nazio Batuen Erakundea- Ekialde Hurbilerako mandatari Tony Blairrekin eta Frantziako Atzerri ministro Bernard Kouchnerrekin. Tel Aviveko beste gobernu agintariak nazioartean zabaltzen ari diren mezua errepikatu die horiei ere Barakek, hots, Israelek Gazan oldar egiteari ekin diola «bere burua defendatzeko eta bere herritarrak babesteko».
Nazioarteko agintarien aldetik izandako erreakzioen artean dago Etxe Zuriarena ere. Washingtonek berretsi du Hamasi egotzi behar zaiola Israelen oldarraldiaren erantzukizuna osoa, sei hilabete iraun duen su-etena ez luzatzea erabaki duelako talde islamistak. Ildo beretik, Alemaniako Gobernuko eledun Thomas Stegek halaxe adierazi du: «Hamasek du, bere kabuz, menia hautsi eta Israelen kontra koheteak berriro botatzeari ekin. Ukaezina da Israelek zilegi duela bere burua defendatzea eta herritarrak babestea».
Ikusmolde horrekin ez da bat etorri Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko presidente Miguel d'Escoto Brockmann, hau adierazi baitu: «Israelek Gazari azken urte eta erdian jarritako blokeoaren ondorioak dira misil jaurtitzeak». Gazako herritarren kontra «zigor kolektiboa» gauzatzea leporatu dio Israeli d'Escoto Brockmannek, eta indarraren gehiegizko erabilera ere.
Gertakariek arrazoia ematen diote NBEko arduradunari, Israelgo armadaren aire erasoek etengabe jarraitzen baitute, ikaragarriko egoera eta odol isurketa itzela eraginda Gazan. UNRWA Nazio Batuen Erakundeko Palestinako Errefuxiatuak Laguntzeko Batzordeak atzo eguerdi partean emandako balantzearen arabera, gutxienez Gazako 320 herritarrek bizia galdu dute eta beste 1.400dik gora zauritu dituzte, dagoeneko bonbardaketetan. Hildakoen artean, 57 lagun zibilak direla eta horien artean 21 haur eta zazpi emakume daudela, azaldu du, halaber, UNRWAko bozeramaile Christopher Gunnesek.
Hamaseko arduradun edo ekintzaile ez direnen artean, Jabaliako Balusha sendiko bost alabak daude, 4 eta 17 urte arteko ahizpek bizia galdu dutelarik mezkita baten alboan kokatutako euren etxearen kontra misil bat lehertu ostean. Gaza hirian izandako hainbat erasoetako batean, Jihad Islamikoko burukide Ziad Abu Tir eta haren semea hil dira. Hamaseko gobernuko buru Ismail Haniaren bulegoa eta Barne Ministerioko egoitza ere txikituta zituzten atzoko erasoetan.
Laguntza eskaria
Hamasek, anartean, gezurtatu egin du Israelekin su-etena hitzartzeko prest legokeela, Senegalgo Gobernuak herenegun iragarri zuen bezala. «Ezin daiteke inolako hizketaldirik izan, erasoek eta blokeoak jarraitzen duten bitartean», adierazi du Hamaseko buruzagi politiko Khaled Meshaalen eledun Osama Hamdanek.
PAE Palestina Askatzeko Erakundeak, berriz, Gazan nazioarteko indar bat zabaltzeko eskatu du. Ramalan eginiko bileran parte hartu zuen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek halaxe adierazi du: «Nazioarteari ahaleginak oro egiteko eskatzen diogu Israelen oldar egite hau berehala geldiarazteko». Horretaz gain, egoera konpontzeko alde guztiekin hitz egiteko prest agertu da Abbas, baita Hamasekin ere.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. ISRAELEN OLDARRALDIA. Israelek ohartarazi du operazioa «azkeneraino» eramango duela
Gogor jarraitu dute palestinarren lurraldearen aurkako bonbardaketek; familia bereko bost haur hil dituzte Jabalian, misil bat jaurtita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu