EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. LIBANOKO ETA ISRAELGO ERASOAK. EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

LIBANOKO ETA ISRAELGO ERASOAK. NBEk su-etena aldarrikatu arren, Libano hegoaldean erasoa zabaldu du Israelek. Israelek dio astelehenean jarriko dela indarrean su-etena; Hezbola borrokak eteteko prest dago

2006ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua osatzen duten hamabost herrialdek su-etena aldarrikatzen duen ebazpen bat onartu zuen herenegun aho batez. Libano hegoaldean, hala ere, eraso zabalago bati ekin zion ordurako Israelek. Hezbola milizia xiita suntsitzeko asmoa gauzatzearren, 30.000 soldadu daude jada Libanon. Israelgo mugatik bost eta hogeita hamar kilometro haratago joan dira. Litani ibaiaren hegoaldean dagoen eremuaz jabetzea da haien helburua. Hezbola milizia bertatik kanporatzea eta haren azpiegiturak desegitea lortu nahi du Israelek. Lurretik oinez sartu ziren soldaduez gain, helikopteroz eramandako ehunka soldadu ari dira parte hartzen erasoaldian.

NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpena indarrean sartu arte, erasoaldiarekin jarraitzeko asmoa du Israelek. Libanok eta FINUL Nazio Batuen Erakundeko Nazioarteko Ikuskatzaile taldeak hartu beharko dute, ebazpenaren arabera, hegoaldeko eremuaren gaineko kontrola.

Libano hegoaldeko herri eta hiriak bonbardatzeari eutsi zion atzo, aurreneko egunetan bezala, Israelek. Libanoko segurtasun zerbitzuek zabaldutako datuen arabera, hamabost zibil libanoarrek bizia galdu zuten gerra hegazkinek botatako misilen ondorioz. Rachaf herrian izan zen bonbardaketa, mugatik hamalau kilometrora. Marjaiun herrixkatik nazioarteko erakundeko konboi batean ihes egiten ari ziren zazpi errefuxiatu ere hil ziren beste bonbardaketa batean. Libano eta Siria artean zutik zegoen pasabide nagusi bakarra ere suntsitu zuten.

BEIRUT ETA TEL AVIV. Avi Pazner Israelgo gobernuko eledunak zehaztu zuenez, erasoaldia ez da «denboran mugatua». Alon Frideman Israelgo armadako buruzagiaren esanetan, erasoak «aste andana» iraun dezakete: «Litani ibaitik haratago joan daiteke erasoa». Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak adierazi zuenez bere gobernuak gaur jo dezake ontzat ebazpena, ministroekin egingo duen bileran. Su-etena, hartara, astelehen goizean indarrean sartzea espero dutela jakinarazi zuten bere inguruko iturriek. Shimon Perez lehen ministrordeak ebazpenak euren eskakizun «ia guztiak» aintzat hartu dituela esan zuen.

Libanoko Gobenuak aho batez onartu zuen ebazpena bost orduko bileraren ostean -Hezbolako bi ministro daude bertan-. Fuad Siniora lehen ministroak ere ontzat jo zuen nazioarteko erakundean adostutakoa: «Ebazpen honek agerian utzi du mundu zabalak sostengatu duela Libano». Israelek martxan duen operazioa, baina, «eszeptizismoa» eragiten duela gaineratu zuen lehen ministroak su-etena indarrean sartuko den pentsatze aldera.

Hezbolak, bere aldetik, «borrokak eteteko» konpromisoa hartzeko prest dagoela jakinarazi zuen atzo. Hassan Nasrala talde xiitako buruzagiak berak egin zituen adierazpenak. Haatik, gerra ez dela amaitua eta «etsai sionistak oldar egiten jarraitzen duten bitartean» eurek ere gogor egiteari eutsiko diotelaohartarazi zuen Nasralak. NBEren ebazpena «bidegabea eta alderdikoia da», miliziaren ustez: «Hezbolari egozten baitio gatazkaren piztea». Libanoko gobernuak hartuko duen erabakiari ez dutela oztopatuko adierazi zuen, hala ere,Nasralak. «Libano hegoaldean armada zabaltzeko erabakia hartu ondoren, erresistentziako indarrek horretan lagunduko diote».

Segurtasun Kontseilua osatzen duten hamabost herrialdek aho batez onartuta ebazpena berehalako su-etena eskatzen die bi aldeei. Libano hegoaldetik alde egiteko eskatzen dio, era berean, Israeli. Libanoko armadako soldaduak eta nazioarteko hamabost mila soldadu ezarriko dira eremu horretan. Hezbolak bahituta dituen bi soldaduak askatu beharko ditu.

Su-etena irtenbide egonkor baterako lehen urrastzatjo du nazioarteak

Erredakzioa

Segurtasun Kontseiluak ostiralean hartutako 1.701. ebazpena betearaztearren, bi aldeekin harremanetan jarri da jada Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annan. Su-etena indarrean jartzeko eguna negoziatzen ari da borrokan dauden bi aldeekin. Annanek astebeteko epea du bere eginbeharraren berri emateko Segurtasun Kontseiluari.

Annanek «atsekabea» agertu zuen ebazpena lehenago etorri ez zelako: «Segurtasun Kontseilua ez da gai izan ebazpena askoz eta askoz lehenago adosteko». NBEko idazkari nagusiaren iritziz, «atzerapen honek» kalte egin dio mundu zabalak nazioarteko erakundeko «eragingarritasunaz eta zintzotasunaz» duen ikuspuntuari.

Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Javier Solanaren ustez, haatik, «premia gorriz» lortu behar zen ebazpena: «Lehendabiziko helburua su-etena hitzartzea zen».EBko Presidentetzak(Finlandiaren esku dago urtea amaitu arte) txalotu egin zuen «krisiaren konponbide egonkor batera lagundu beharko lukeen ebazpena». Horretarako, baina, alde guztiei ebatzitakoa «lehenbailehen» gauzatzeko deia egin zien.

Errusiak, berriz, bake prozesua bideratzeko baldintzak lehen bai lehen indarrean jarri behar direla adierazi zuen.

IRANEK EBAZPENARI ARBUIO.Mundu zabalean poztasunez hartu zuten ebazpena. Japoniak ere txalotu egin zuen: «Ahalegin guztiak egingo ditugu, su-eten bat egon ondoren, alde guztiek konponbide politiko bat hitzartu dezaten». Ahmed Abul Geite Egiptoko Atzerri ministroak irmoago mintzatu zen: «Israelek su-etena oraintxe indarrean jarri behar du eta bere soldaduak erretiratu behar ditu Libanotik». Liga Arabiarrak errezeloak agertu zituen ebazpenarekiko. Israel ez dela gertatutakoaren erantzule egiten salatu zuen. Hamad Ben Jassem al Thanik Qatarko Atzerri ministroak iragarri zuen erakunde honek bake plan baterako proposamenak aurkeztuko dizkiola irailean Segurtasun Kontseiluari.

Iranek, aldiz, arbuio egin zion ebazpenari. Manusher Mottaki Atzerri ministroaren iritzian, testuak «erabateko mesedea egiten dio erregimen sionistari eta aldatu beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.