Israeldarrek Libanon sartzen jarraitu zuten atzo. Libano hegoaldeko segurtasun eremua 30 kilometro zabaldu nahi du Tel Avivek. Egun zazpi kilometro inguruko eremua kontrolatzen dute 10.000 soldadu israeldarrek. Israelgo Defentsa ministroak Hezbolaren kontrako operazioaren hurrengo fasea abian jartzeko agindu zien armadaburuei. Litani ibairaino iristea da haien asmoa. Israelekiko mugatik 30 kilometrora dago Litani ibaia.
Azken egunetan ez bezala Beirut bonbardatu zuten atzo Israelgo armadaren hegazkinek. Tiro hiria ere gogor bonbardatu zuten. Orain arte, gutxienez 900 pertsona hil dira gatazkan eta 3.000 inguru zauritu. Horretaz gain, milioi bat pertsonak baino gehiagok -Libanoko herritarren laurden bat- ihes egin behar izan dute beren etxeetatik. «Borrokek ehunka bizitza eta azpiegitura suntsitu dituzte, eta erabat hondatuta utzi dute gure herrialdea eta ekonomia», salatu du Libanoko lehen ministro Fuad Siniora.
HAMAIKA ISRAELDAR, HILIK. Hezbolako ekintzaileek ehundik gora kohete jaurti zituzten atzo Israel eta Zisjordaniaren kontra. Ondorioz, zortzi zibil hil zituzten. Kohete horietako bat Tarhishan erori zen eta lau pertsona hil ziren. Beste lau, berriz, kohetea haiek zihoazen autoaren ondoan lehertu zenean hil ziren. Libanon hiru soldadu israeldar hil eta bi larri zauritu ziren borroketan. Taibe herrian, berriz, hiru pertsona hil ziren israelek jaurtitako misiletako batek haien etxea harrapatu zuenean. Bat adingabea zen. Bestalde, hegazkin israeldarrek afixak jaurti zituzten Beirut hegoaldean, bonbardaketa gehiago izango zirela ohartaraziz eta herritarrei handik ihes egiteko aginduz.
Bitartean, Kanako erasoaldiaren inguruko ikerketak aurrera darrai. Libanoko iturrien arabera, 57 zibil hil ziren Israelen bonbardaketan. Aldiz, Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, 28 gorpu atera dituzte eta 13 pertsonek desagertuta jarraitzen dute. Dena den, Israelek ukatu egin du eraikinean zibilak zeudela zekiela: «Zibilak zeudela jakin izan bagenu ez genion eraikinari erasoko». Bide beretik, zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea leporatu dio Tel Aviveko gobernuak Hezbolari. Giza eskubideen aldeko erakundeek Kanan benetan gertatutakoa ezkutatzea leporatu diote Olmerten exekutiboari.
HERRIALDE ARABIARRAK, HASERRE. Konferentzia Islamikoaren Erakundeak biltzen dituen 56 herrialdeek gogor kritikatu dute Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua, Libano eta Israelen arteko gatazka gelditzen ez saiatzeagatik. Indonesiako presidente Susilo Bambangen ustez, gatazka lehenbailehen gelditu ezean, zibilizazioen arteko borroka eragingo du.
Su-etena bultzatuko duen ebazpen bat aurkeztekoa da Segurtasun Kontseilua, baina oraingoz behintzat, ez du testuan adostea lortu. Dena den, AEBetako Estatu Departamenduko eledun Sean McCormackek iragarri du gaur lortuko dutela akordioa. Erresuma Batua, Frantzia eta AEBak aztertzen ari diren bake planak bi atal ditu: lehenengoan su-etena lortzea litzateke helburua; bigarrenean, berriz, nazioarteko bake indarrek bere gain hartuko lukete Israel eta Libanoren arteko mugaren segurtasuna.
Zortzi palestinar hil dituzte, horien artean zortzi urteko haur bat
Hilabete da ekintzaile palestinarren soldadu israeldar bat bahitu eta Israelek Gazaren kontrako operazioa hasi zuenetik. Egunotan Libanoren kontrako erasoaldiak protagonismoa hartu badu ere, Gazako operazioak indarrean jarraitzen du. Israeldarrek zortzi palestinar hil zituzten atzo Gazan, Tartean ustezko lau ekintzaile eta zortzi urteko haur bat.Lekukoek eta segurtasun indar palestinarrek salatu dute soldadu israeldarrak aireportuan sartu zirela atzo goizean 50 tanke ingururekin. Borroketan 26 pertsona zauritu ziren. Horien artean ustezko hamar ekintzaile. Bestalde, Rafako gobernadore Zuhdi al Kudraren arabera, soldaduek aireportuaren inguruko etxeak okupatu dituzte eta ez diete giza laguntza daramatenei hirira sartzen uzten. Israelek ukatu egin du halakorik.
Libanoko
kostaldea,hondatutaIsraelgo armadak Jije zentral elektrikoa bonbardatu eta90 kilometroko petrolio isuria eragin du Libanoko eta Siriako kostaldeetan.a. e.Elikagai eta botika nahikorik gabe egotea eta etengabeko bonbardaketak nahikoak ez balira, Israelek 90 kilometro inguruko petrolio isuria eragin du. Isuria Libanotik Siriaraino zabaldu da, eta ingurumenaren aldeko taldeek historiako hondamendi ekologiko okerrena dela salatu dute. «20.000 eta 30.000 petrolio tona artean isuri dira itsasora», azaldu du Libanoko Ingurumen ministro Berj Hatjianek. Adituek 1989an Alaskako kostaldean izandako isuriarekin alderatu dute Libanokoa. Orduan, Exxon Valdez ontzia hondoratu eta inoizko hondamendi ekologikorik handienetariko bat eragin zuen.
HERRITARREN ETORKIZUNA, KOLOKAN.Israelek uztailaren 13a eta 15a bitartean Jije zentral elektrikoa bonbardatu zuen. Hasierako datuen arabera, 10.000 tona petrolio isuri ziren itsasora kaltetutako edukiontzietatik. Egun, ordea, 35.000 tona izan daitezkeela diote. Nazio Batuen Erakundeko Ingurumenerako Programako buru Achim Steinerren iritziz, itsasotik bizi diren ehunka lagunen etorkizuna kolokan jarri du isuriak: «Gure lehen helburua gatazkaren ondorioak bizi dituzten zibilei laguntzea da. Baina ez ditugu ahaztu behar epe luzerako ondorioak».
Libanoko Gobernuak isuria kontrolatzeko laguntza eskatu dio nazioarteari, baina agintariek salatu dute gutxieneko baliabideak soilik eman dizkiete. «Hiru aste dira zentral elektrikoa bonbardatu zutela, eta satelitez egindako argazkiek erakusten dute isuria oso azkar ari dela zabaltzen. Hura lehenbailehen gelditu behar dugu», ohartarazi du Steinerrek.
Zipreko Zentro Ozeanografikoaren datuen arabera, orain arte isuritako petrolioaren %80k itsasoan jarraitzen du, eta soilik %20 lurrundu da. Adituen iritziz, zabaltzen jarraituz gero, isuria Libanotik iparralderago dauden herrialdeetaraino irits daiteke.
Orain arte, hainbat herrialdek eskaini diote laguntza Libanori. Besteak beste, Aljeriak, Ziprek, Frantziak, Greziak eta Italiak. Baina Beirutek salatu du bidalitako laguntza ez dela nahikoa. Horretaz gain, Israelek zentrala berriz bonbardatuz gero, petrolio gehiago isurtzeko arriskua dago.