EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. Sderoten bildutako manifestariak Gazan sartzen saiatuko dira gaur

Israelgo agintariek 30.000 soldadu jarri dituzte kokaguneen inguruan, kolonoei Gush Katiferako bidea ixteko asmoz

ERREDAKZIOA
2005eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Erretiratzearen aurkako manifestazioa egin zuten atzo Sderoten. Antolatzaileen arabera, 50.000 pertsonatik gora bildu ziren. Poliziaren esanetan, aldiz, 25.000 inguru ziren. Horietaz gain, baina, 30.000 polizia eta soldadu ere bazeuden. Manifestariei Gazako kokaguneetarako sarrera debekatzea zen haien helburua. Hala ere, Yesha Kontseiluko kolonoen elkartea buru Pinchas Wallersteinek azaldu zuenez, Sderoten lo egin eta gaur Gazako Gush Katif kokagunera abiatzeko asmoa zuten zenbait manifestarik. Sderoteko 500 bat familiek gaua igarotzeko lekua eskaini zieten. Hala ere, euren benetako helburua erretiratzea gelditzea zela zehaztu zuen.

Manifestazioa hango 21:30ean (Euskal Herriko 20:30) zen hastekoa. Baina atzeratu egin zuten Polizia kontrolek trafiko arazoak eragin eta autobusek iristeko zailtasunak izan zituztelako. Protestak hasi eta gutxira hainbat manifestarik Israelgo Segurtasun ministro Gideon Ezra inguratu eta iraindu egin zuten. Poliziak leku seguruagora eraman zuen ministroa.Bestalde, Segurtasun ministro Gideon Ezrak azaldu zuenez, jende asko bilduz gero, ekintzaileek koheteak jaurtitzeko arriskua zegoen. Hori zela eta, 5.000 lagunetik gora bilduz gero, Ofakim herrira eramango zituztela iragarri zuten. Sderotetik oso gertu dago Ofakim. Bestalde, Israelgo lehen ministro Ariel Sharonen arrantxoa ere Sderotetik gertu dago oso. Ondorioz, protestariak hara joango ziren beldur zen Ezra. Baina ez zutela halakorik egingo ziurtatu zioten Yesha Kontseiluko buruzagiek. Hala nahi duten kolonoek Ofakimen geratu ahal izango dute astearen amaiera arte. «Baina handik Gush Katifera joaten saiatzen badira, Poliziak geldiaraziko ditu», ohartarazi zuen Ezrak. Wallersteinek, bere aldetik, manifestariek aurrera egingo zutela, baina protestak baketsuak izango zirela iragarri zuen. Kolonoek Gazara sartuko ez ziren hitza eman zutela esan zuen atzo Gazako Poliziaren bozeramaile Avi Zelbak. Yesha Kontseiluak, ordea, ukatu egin zuen halakorik. Palestinako Aginte Nazionaleko eta Israelgo ordezkariak bildu ziren herenegun erretiratze planari buruz eztabaidatzeko. Komunikabideen arabera, herriak hustu ahala PANen esku utziko dituzte israeldarrek, erretiratzea erabat amaitu arte itxaron beharrean. Gaur berriz bilduko dira bi aldeak.

Philadelphi pasabidea

Egiptok eta Israelek Philadelphi pasabideari buruzko akordioa hitzartu zuten atzo. Haren arabera, datorren irailean 750 soldadu jarriko ditu Egiptok bi herrien areko mugan, eta Israel urrian erretiratuko da handik. Arma trafikoa gelditzeko jarri zituen han soldaduak Tel Avivek.

Bestalde, PANeko Legebiltzarreko bi eraikin okupatu zituen atzo talde armatu batek Rafan. «Pistolekin sartu ziren eraikinera lan eske. PANek emandako diru laguntzekin ezin zutela biziere salatu zuten. Preso ohiak zirela uste dugu», azaldu zuen lekuko batek. Soldadu israeldarrak Al Beera herrira sartu eta Jihad Islamikoko kide bat atxilotu zutela salatu zuten atzo Palestinako iturriek. Fatala al Saadi 25 urteko gaztea da atxilotutakoa. Horretaz gain, hainbat etxe miatu zituzten. Bestalde, Khan Junisen (Gaza) Al Aksako Martirietako kide bat hil zen. Israelen arabera, bonba bat egiten ari zen eta lehertu egin zitzaion. Bestalde, ekintzaile palestinarren koheteak jaurti zituzten Gush Katif kokagunearen aurka.

NETANYAKO ERASOAK



Kolono israeldar bat atxilotu du Poliziak



Kfir Levyri Netanyako erasoak egin zituzten bi palestinarrak autoan eramatea leporatzen diote. Berari eta beste bi palestinarri nahigabeko hilketa ere leporatzen diete. Poliziaren arabera, Levyk autoan eraman zituen bi ekintzaileak Tulkaremdik Taibera. Han Israelen bizi zen palestinar batek hartu eta Netanyaraino eraman zituen. Poliziaren arabera, ez zen Levyk palestinarrak batetik bestera ezkutuan eramaten zituen lehen aldia. «Ekintzaileak zirela, eta lehergailuak zeramatzatela jakin izan bazuen Poliziara eramango zituen», nabarmendu zuen Levyren abokatuak. Segurtasun indarren esanetan, baina, Levyk ekintzaileak zirela suposatu behar zuen, bi palestinarrek maleta handiak zeramatzatelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.