«Kaixo, europarrok». Hitzokin eman zion ongietorria Europako Batasunari Lituaniako presidente Rolandas Paksasek. «Herritarrek Lituaniaren udaberriaren alde bozkatu dute. Historiako beste etapa bat hasi da». Lasaitu ederra hartu zuen Alderdi Liberaleko lider kontserbadoreak maiatzaren 11n; izan ere, euroeszeptizismoa zen nagusi herrialde hartan, erreferendumari baietza emateko kanpaina erraldoia egin behar izan zuten agintariek. Boza emateko bi egun paratu zituzten. Aurrenekoan herritarren %23 baino ez ziren bozkatzera joan.
«Bihotzez eskatzen dizuet: ez zaitezte axolagabeak izan. Etorkizunean pentsatu eta joan zaitezte bozkatzera arren», zioen Paksasek bezperan. Lituanian bozketa batek aurrera egin ahal izateko, gutxienez erroldatuta daudenen %50ek eman behar dute boza. Finean herritarren %63 bildu ziren botoa ematera, eta % 89,9k aldeko boza eman zuten. Lituania Sobiet Batasun ohiko aurreneko herrialdea zen Europako Batasunari baietza ematen. Gerora Estonia eta Letoniak emango zioten baietza.Europako kide izatean abantailak baino ez zituzten ikusten agintariek. Ekonomiaren egonkortasunerako, Errusiarekin muga indartzeko eta independentzia bermatzeko bidea zen. Ez zuten trena galdu nahi. Sobiet Batasunaren mamua bizirik zegoen oraindik ere. «Sobietarren berdintasunak denak pobretzen gintuen», adierazi zuen bozen ondoren Lituaniako Atzerri ministro Antanas Valionisek.1991. urtean independentzia lortu zuen herrialdeak aldaketa nabarmenak egin ditu urteotan. Txernobileko sistema berdina oinarri duen Ignalinako planta nuklearra ixteko hitza eman zion EBri eta trukean 285 milioi euro jasoko ditu.
Nekazaritza, ekonomiaren oinarri
Merkatu librera egokitzeko lana ere egin du Lituaniak eta mementu honetan ia osorik eginda dauka pribatizazio programa. Dena den, Europako Batasuneko barne merkatura egokitzeko hainbat erreforma egin beharra du oraindik ere, bereziki, nekazaritzaren alorrean. Polonia ondoren nekazaritza sektoreak indar gehien duen kidea da Lituania (%16,5) bost langiletatik bat da nekazaria. Langabezia tasa ere Europako handienetakoa da (%13,1).
EBko lurraldeez inguratuta egongo den Kaliningraden etorkizuna Lituaniaren esku dago neurri batean eta Errusiarako pasabidea uzteko prest agertu dira orain arte agintariak EBren erabakia beharko da Kaliningradetik Errusiara joateko modua erabakitzeko.Bestetik, Rolandas Paksas presidenteari nazioarteko kriminalekin harremanak izatea leporatzen dio oposizioak eta afera honek zer nolako ondorioak ekar ditzakeen ikusteke dago ere. «Mafiaren diktadore» deitu diote, espero ez bazen ere, urtarrilean agintera iritsi zen Paksas presidenteari.
Ekialdeko aurrekaria
Nekazaritza eta langabezia dira arazo nagusiak EBn sartzeari baietza eman zion Sobiet Batasun ohiko aurreneko herrialdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu