UKRAINAKO HAUTESKUNDEAK. VIKTOR JUSTXENKO
Ekialdeko mendebaldezalea
Aurkariek Ukraina mendebaldeko biztanleen hautagaia izatea leporatu badiote ere,Viktor Justxenko gogorarazi du behin eta berriro herrialdeko ekialde probintziako herri txiki batean sortu zela, an Sumi-n, 1954ko otsailean. Errusiar hiztunak gehiengoan diren eskualde batekoa izan arren, Ukraina Errusiaren eraginpetik kentzearen alde jardun du beti irakasle bikote baten seme horrek. Hala, 48 milioi biztanleko herrialde hori Sobiet Batasunetik atera berria zelarik, hrivna diru nazionala sortzea eta etengabeko inflazioa geldiaraztea lortu zuen, Ukrainako Banku Zentraleko presidente egon zelarik 1993 eta 1999 artean. Lorpen horiek Ukrainako lehen ministro kargura eraman zuten 1999an, postu horretara deitu zuelarik orain arte presidente gisa jardun duenak, Leonid Kuxmak. Gobernuburu jardunean, pribatizazio andana gauzatu zuen Justxenkok, eta «gardentasunez» eginak izan zirela iritzi diote adituek eta nazioarte finantza erakundeek. Aldaketa horiek, antza, oligarkak kezka bizian jarri zituztelakotz, lehen ministro kargutik kendu zuen Kuxmak, 2001ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu