NBEren Batzar Nagusia

"Ekintza militar batek ez du Siria bake iraunkorrera eramango", Obamaren ustez

Erabaki "gogorra" onartzeko eskatu die Nazio Batuen Erakundeko kideei, Damaskoren arma kimikoen erabileraren gainean, eta NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek irtenbide politikoa eskatu du. Al-Assadi presio egiteko neurriez negoziazioak egingo dituzte egunotan.

2013ko irailaren 24a
18:03
Entzun

Siriako gatazka eta Irango auzi nuklearra izango dira Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian gai nagusietakoak. Munduko mandatarien bilerari ekin dio Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak, eta Siriarentzat bide politikoak azter ditzaten eskatu die. "Sirian garaipen militarra ilusio bat da. Erantzun bakarra akordio politiko bat da".

Barack Obama hitz egiten ari da orain, eta duela aste batzuk Siriari eraso egiteko prest agertu bazen, orain nazioartearen babesa bilatzen ari da, Damaskoren kontrako neurriak hartzeko.

Sirian berehalakoa zirudien erasoaren arriskua ezabatu zuen AEBen eta Errusiaren akordioak, baina Mendebaldeak eutsi egin dio Damaskoren aurkako presioari, Siriako Gobernuak arma kimikoak deuseztatzeko akordioaren baldintzak zehatz-mehatz bete ditzan. Etxe Zuriaren eta Kremlinaren akordioaren arabera, gehien jota ekainera arteko epea du Siriak arma kimikoak suntsitzeko, bederatzi hilabete, baina Al-Assadek esana du urtebete beharko dutela.

Obamaren saiakera diplomatikoak

Munduari demokraziaren balioaz ari zaio hitz egiten Obama, eta  AEBek balio horiek zabaltzeko dituen asmoez. Obamak Irakeko eta Afganistango gerren ondorengo garaiei egin die aipamen, esanez, orain, AEBen indar diplomatikoak Israelen eta palestinarren arteko elkarrizkak gauza daitezen jarritu dituela, eta, Irango auzi nuklearra konpontzen.

Irango presidente Hassan Rohaniri ere hitz egiteko txanda helduko zaio, eta haren diskurtsoak ikusmin handia eragin du.Siriarekin bitartekari lana egitea proposatuko du, joan den astean aurreratu bezala. Bere herriaz beste ikuspegi bat erakutsi nahi duela aurreratu du, eta bilera ofizialen atzean hainbat mugimendu diplomatiko izaten ari dira auzi nuklearraz. Atzo Irango Atzerri ministro Javad Zarifek hainbat saio diplomatiko egin zituen Mendebaldeko hainbat Atzerri ministrorekin, eta Europako Batasuneko goi mandatari Catherine Ashtonekin. 

Iranen eta AEBen arteko gerturatzearen isla liratekeen keinuak ikusi nahi ditu nazioarteak, eta Obamaren eta Rohaniren arteko zer edo zer ikusteari adi begira daude; elkarri hitz gutxi batzuk nahikoa lirateke mundu osoan zabaltzeko albistea, ez baita horrelakorik gertatu 1979ko iraultza islamikoa gertatu zenetik. Batzarraren aurreko egunetan eskutitzen bidez elkarri jakinarazi diote programa nuklearraz dituzten jarrera ezberdinei irtenbidea emateko duten beharra. Nazioartearen eta AEBen zigor ekonomiko gogorrez ere aritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.