MUNDUA

Ekuadorko Parlamentuak NBEko Segurtasun Kontseiluarekin biltzeko eskatu dio gobernuari

Ekuadorko Gobernuak Julian Assange Wikileaksen sortzaileari babes politikoa ematea erabaki zuen atzo, eta erabakiak tentsioa eragin du Ekuadorren eta Erresuma Batuaren artean.

2012ko abuztuaren 17a
17:08
Entzun

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari larrialdizko bilera bat eskatzea galdegin dio Ekuadorko Parlamentuak gobernuari. Hala, Erresuma Batuak indarkeriaz Ekuadorko Enbaxadan sartu eta Julian Assange atxilotzea saihestu nahi du parlamentuak. 

Izan ere, Ekuadorko Gobernuak Julian Assange Wikileaksen sortzaileari babes politikoa ematea erabaki zuen atzo, eta erabakiak tentsioa eragin du Ekuadorren eta Erresuma Batuaren artean. Babes politikoaren berri izatean, Erresuma Batuak esan zuen Assange "entregatu ezean" Ekuadorko enbaxada "indarrean" hartuko zuela. Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago ekainaren 19tik, Suediara estradita ez dezaten. Europar Batasunak  ez duela esku hartuko jakinarazi du eta auzia "hitz eginez" konponduko dutela espero du. 

Ricardo Patiño Atzerri Arazoetako ministroak adierazi du Assange AEBetara estraditatzen badute haren bizitza "arriskuan" egon daitekeen beldur dela. Patiñoren esanetan, Erresuma Batuak "muturrera" eraman nahi du Wikileaksen sortzailea ustezko sexu delituak egotzita Suediara estraditatzeko euroagindua, eta gogor salatu du Erresuma Batuaren jarrera, "ekintza erasokor eta onartezina" dela esanez. Haren hitzetan, nazioarteko arauak hautsi nahi ditu Londresek; izan ere, nazioarteko araudiak dio diplomazia egoitzak "ukiezinak" eta "inbadiezinak" direla.

Bestalde, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko magistratu ohiak eta Assangeren abokatu taldeko buruak adierazi du Assangek ez duela baztertzen Nazioarteko Justizia Gortera jotzea, Erresuma Batuak Ekuadorrek emandako babes politikoa onartzen ez duelako. Garzonek azpimarratu du Londresko gobernuak ez diola eman irteteko baimena ukatu izanaren berri ofizialik.

Jazarpena

Wikileaksen sortzailea 2010ean ustez bi emakume bortxatu izanagatik auziperatu nahi du Suediako Justiziak. Assangek dio emakumeek baimendutako harremanak izan zirela eta dena bera "AEBetara estraditatzeko" plan bat dela. 41 urteko australiar kazetaria 2010eko abenduan atxilotu zuten, Londresen. Wikileaksek AEBetako Gobernuaren milaka dokumentu sekretu ezagutarazi ditu, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.