Ekuadorko Konstituzio berriari baiezkoa edo ezezkoa emateko erreferendumean baiezkoak irabaziko du, azken orduko ezusterik ezean. Izan ere, atzo egin zuten galdeketako botoen %52,06 kontatuta dela, aldeko bozak %65,2 dira. Ezezkoa -oposizioak eskatuta- %27,02koa da oraingoz, baliogabeko botoa %7,09koa eta zurizkoa %0,64koa. 9.754.883 herritar zeuden deituta botoa emateko.
Rafael Correa ezkerreko presidenteak -2007ko urtarriletik dago agintean-, gizarte eredu berri bat helburu eta Konstituzioari baiezkoa emateko eskatu zien herritarrei. Alabaina, eskuinaren ikur eta Guayaquilgo alkate Jaime Nebotek eta eliza katolikoko buruek sutsu jardun dute ezetzaren alde.
"Konstituzioaren alde egitea beste Ekuador baten aldeko apustu egitea da", adierazi du kanpainan Correak. "Galdeketa ez da presidentea edo alkatea aukeratzeko, elkartasunean, zuzenbidean eta denen ongizatean oinarritutako gizarte eredu baten alde edo kontra agertzeko baizik". Ekuadorko presidenteak argi zuen atzoko erreferendumean zer zegoen jokoan: "Lotsan murgilduta bizitzera kondenatu gaituen iraganarekin jarraitzearen, eta bidezkotasunean, berdintasunean eta duintasunean oinarritutako etorkizunaren arteko hautua egin beharko dute herritarrek".
Jaime Nebot PSC Alderdi Sozial Kristauko buruzagiak, baina, bestela pentsatzen du. Hala, Konstituzio berriak presidenteari eta estatuko egiturei, eskualdeetako aginteen kalteetan, gehiegizko boterea emango diela salatu izan du. Ekuadorko eskualde eta udalerrien autonomia zaindu beharra aldarrikatu du Nebotek.
Eliza katolikoaren agintaritzak Konstituzio proiektuaren 44 eta 66. artikuluak ditu gogorrenik salatu. Abortatzeko eskubidea eta homosexualitatea arautzen dira bi artikulu horietan. "Emakumeek zenbat haur eta noiz izan nahi dituen erabakitzeko eskubide du", dio 44. artikuluak. Besteak sexu bereko bikoteen arteko oinordetza legezkotzen du.
Mundua
Ekuadorrek baiezkoa eman dio Konstituzio berriari, Correa ezkertiar presidenteak eskatu bezala
Erreferendumeko erdia zenbatuta dela, aldeko botoak %65,2 dira, kontrakoak %27. "Elkartasunean, zuzenbidean eta denen ongizatean oinarritutako gizarte eredu baten alde egiteko" eskatu zuen baiezkoa Correak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu