Ekuadorrek eredu berri baten alde egin duela dio Correak

Behin-behineko emaitzen arabera, ekuadortarren %64,02k eman diote baietza Konstituzio berriari

2008ko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Ekuadorrek herrialde berri baten alde egin du, egitura zaharrak baztertuz». Rafael Correa Ekuadorko presidentearenak dira hitz horiek, konstituzio berria onartze aldera herenegun egin zuen erreferendumaren ostean esandakoak. «2006an herriari agindu genion iraultzaren berrespena da», adierazi du, ziur. Era berean, batasunerako deia egin du, eta «gezurtiek eta kanpainan zehar engainatzen saiatu zirenek» kontu eman beharko dutela nabarmendu du.

Izan ere, jada ez dago zalantzarik. Testu hau idazterako orduan Hauteskunde Auzitegi Gorenak boto guztiak zenbatu ez bazituen ere, baietz esan diote ekuadortarrek Batzar Konstituziogileak joan den uztailaren 19an amaitu zuen testuari; Boliviako eta Venezuelako gobernuek ere babesten dute XXI. mendeko sozialismoari ateak irekiko dizkion testua. Botoen %91,53 kontatuta, %64, 02 dira konstituzioaren aldekoak eta %28,09 kontrakoak. Zuri %0,72k bozkatu dute, eta boto nuluak %7,18 dira. Botoen erdia gehi bat dira beharrezkoak halako proiektu bat indarrean jartzeko. Eta behin-behineko emaitzak ikusita, erraz gainditu du konstituzio berriak azterketa.

Aurreko zifrak herrialde osokoak dira. Baina Guayakilko emaitzak beste kontu bat dira. Oposizioaren bastioi den hirian -baita Correaren jaioterri ere-, ezetzak irabazi zain ziren testu hau idazteko orduan. Zenbaketa amaitzear -boten %91,3 kontatuta-, %47,01ek baztertu egin dute testu berria. Eta horiei gehituko litzaizkieke boto zuriak (%0,5) eta baliogabeak (%6,83) ere, baietzaren aldekoak ezezkoak baino gutxiago izan baitira. Ezetz esan diote Guayakilko boto-emaileen %45,66k. Hori hala, guztiak batuta, %54,34k baztertu dute Ekuadorko Gobernuak bultzatutako ekimena Guayakilen.

Hori ikusita, hiri horretako alkate Jaime Nebotek herrialde mailako garaipena aitortu bai, baina «lekuan lekuko emaitzak errespetatzeko» eskatu du. Oposizioko burua da Nebot, Alderdi Sozialkristauko kidea, eta hasiera-hasieratik jardun da konstituzio berriaren kontrako kanpainan. «Guayakil izan behar duena izango da, eta konstituzio berriak ezingo du garapena oztopatu», nabarmendu du. Ekuadorko hirien artean biztanle gehien duena da Guayakil, baita ekonomikoki oparoena ere. Eta Konstituzio berria medio, Ekuadorko Gobernuak hiriari baliabideak kenduko dizkiola errepikatu izan du behin eta berriz Nebotek.

Horren harira, manipulatzea eta etikarik ez edukitzea leporatu dio presidenteak oposizio buruari. «Gezurtiek kontu eman beharko dute» mehatxu egin, eta «oposizio demokratikoarekin» elkarrizketatzeko prest agertu da.

Bestalde, Nebot ere hitz egitearen alde azaldu da. Hala, onartu du jada Batzar Konstituziogileko presidente Fernando Corderok ere egin dion gonbita. Hark konstituzioa «elkarrekin irakurtzera» gonbidatu du Guayakilko alkatea. Bilera horretan, autonomia eta Ekuadorren zentralismoa ezabatzeko martxan dauden prozesuak izan beharko lukete hizpide.

Ekuador eraberritzea

Correa presidente izendatu zuten egun berean jakinarazi zuen asmoa gauzatu zen herenegungo erreferndumean. Izan ere, 2007ko urtarrilaren 15ean, gobernuburu kargua hartu zuenean, Ekuador sustraitik «eraberritu» nahi zuela adierazi zuen. Horretarako ezinbestekoa zen konstituzio berria. Horiek hala, herri galdeketa batera deitu zuen, ekuadortarrek testu berri hori nahi zuten edo ez jakiteko. Baiezkoa atera zen. Ondoren, 2006an hautatutako Legebiltzarra deuseztatu eta Batzar Konstituziogile bat osatu zuen. Joan den uztailean eman zuen amaitutzat testua organoak, eta herenegungo bozetan onartu zuten ekuadortarrek.

Galdeketara deituak zeuden 9.754.882 hauteslek - haietatik %55,1ek eman dute botoa, 5.383.021ek- bi herrialde ereduren artean egin behar zuten aukera: elkartasuna, justizia eta guztientzako ongizatea oinarri duen gizartearen ereduaren alde edo «guztia niretzako eta besteentzat deus ez» ereduaren alde. «Iragan lotsagarriaren eta etorkizun duinaren artean». Hala azaldu izan du Correak.

Hainbat ekonomialarik, ordea, mesfidantzaz begiratu diote presidentearen proiektuari. Ekuadorko naiz atzerriko zenbait adituk uste dute herrialdea ekonomikoki hondora lezakeela. Izan ere, konstituzio berriaren arabera, Estatuak bere gain hartuko lituzke orain artean izan ez dituen hainbat gastu. Eta hori tranpa bat litzateke, adituen arabera, urteko %3 eta %4 artean hazten den ekonomia batentzat. Correak jada jakinarazi du bere proiektua zerga arruntekin eta petroliotik datozen irabazien bitartez finantzatu ezin bada, kanpo zerga ordaintzeari utziko diola. Nazioarteak kredituak ukatuz erantzungo lioke neurri horri. Hala gertatuz gero, Ekuadorrek interes altuagoko maileguak eskatu beharko lituzke.

Kritikak eragin dituen beste puntu bat izan da berriz hautatzearena. Beste agintaldi bat bermatzen dio testu onartu berriak presidenteari, bozak egin gabe. Correak 2009ko lehen hiruhilekoan hauteskundeak antolatuko dituela adierazi du. Horiek irabaziko balitu, 2017a arte egongo litzateke agintean.



Konstituzioa

ARTIKULU SOZIALAK

Osasuna eta hezkuntza. Bi arlotan estaldura handiagoa bermatzen du onartu berri den konstituzioak.

Haurren lana. 15 urte baino gutxiago dituzten umeekezingo dute lanik egin.

Eskolara, nahitaez. Eskolaratzea nahitaezkoa izango da Ekuadorren bigarren hezkuntza amaitu bitartean.

Immigrazioa. Emigratzeko eskubidea aitortzen du, eta atzerrira lanera joan direnekuadortarren eta haien familien eskubideak bermatzen ditu; baita Ekuadorreralanera joandako kanpotarrenak ere.

Abortua. Abortua gaitsezten du, kasu guztietan, gainera.

Sexu bereko bikoteak. Sexu berekoen arteko ezkontza ez du onartzen, eta bikote homosexualei ez die baimenik ematen adoptatzeko. Baina bietako bat hilez gero, besteak herentzia eskubidea du.

Base militarrak. Ekuador «bake eremu» denez, beste herrialdeek ezingo dute han base militarra eraiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.