Ekuadorrek bezala, Venezuelako Gobernuak ere Kolonbiako enbaxa enbaxada itxi eta Bogotan duen enbaxadorea erretiratu du. Halaber, bai Ekuadorrek bai Venezuelak, tropak zabaldu dituzte Kolonbiarekin duten mugaldean. Alta, Bogotak dio ez dituela mugalde horietara soldadu gehiago igorriko. Kolonbiako Poliziak zabaldu duenez, «Reyesen dokumentuetatik frogak» atera ditu Venezuelako presidente Hugo Chavezek FARCi 300 milioi dolar eman zizkiola erakusteko.
Krisiaren larriaz ohartuta,AEEk berehala bilkura egitea eskatu du Ekuadorren eta Kolonbiaren auzoko Peruko presidente Alan Garciak. AEEk eskaera onartu du.
Larunbateko bonbardaketen harira, Ekuadorko presidente Rafael Correak bere herrialdearen kontrako «eraso» eta «irain» iritzi die Kolonbiako armadak eginiko lurralde inbasioari eta gerrillarien hilketari. Kolonbiako presidente Alvaro Uriberi gezurretan aritzea leporatu dio Correak, eta azalpen argiak exijitu dizkio.
«Ekuadorko Gobernuak ez ditu onartuko Kolonbiako Gobernuaren irain gehiago, eta azken muturreraino joango gara gertaera eskandalagarri hau -gure lurraldeari eta aberriari eginiko erasoa- argitzeko», ohartarazi du Ekuadorko presidenteak.
«BEREN BURUAREN DEFENTSAN». Correaren hasierako erreakzioa zuhur samarra izan da, baina bere armadak eta zerbitzu sekretuek bonbardaketaren informazio zehatzagoa helarazi ondotik jarrera gogortu du. «Uribek argitu behar du bere tropek erasoaren berri ematean engainatu duten, edo, bestela, mundu osoaren aurrean onartu beharko du berriro ere Ekuadorko Gobernuari gezurra esan diola eta eskrupulurik gabe gure lurraldean, gure subiranotasunean eta gure ondarean sartu zela».
Azaldu zuenez, Uribek berak deituta izan zuen gerrillari kolonbiarren heriotzaren berri. Kolonbiako presidentearen esanetan, gerrillak Kolonbiatik bertatik eraso zion Kolonbiako armadari, eta gero Ekuadortik, «Ekuadorko lurretan 1.800 bat metrora».
Uribek, gertatuaren erantzukizun osoa bere gain hartuta, azaldu zuen Kolonbiako soldaduek «beren burua defendatzeko» eraso zietela gerrillariei, baina Correak ikerketa agindu eta informazio zehatzagoa jasotakoan Uriberen bertsioa gezurtatu egin zuen. Erasoari «sarraski» iritzi zion, gainera.
«Ekuadorko Gobernuarentzat ustekabean, [Ekuadorko tropek] gerrillarien 15 gorpu eta zauritutako bi emakumezko gerrillari aurkitu dituzte prestatu gabeko kanpamendu batean; hildakoak azpiko arropetan zeuden, hau da, ez zen berehalako jazarpenik izan», dio Correaren salaketak.
Gainera, gerrillariak «lo zeudelarik» hil zituztela dio, eta atzerritarren laguntza izan zutela iradoki du: «Lo zeudela bonbardatu eta sarraskitu zituzten, puntako teknologia erabilita, haiek gauez aurkitzeko, oihanean, eta, segur aski, atzerriko potentzien laguntzarekin».
Uriberen bertsioak, baina, dio FARCen kanpamendura sartu zirela, eta gerrillariak «hilda» aurkitu zituztela. Raul Reyesen eta Julio Conrado gerrillarien ideologo eta kantagilearen gorpuak Bogotara eraman zituen Kolonbiako armadak.
Horiek hala, Chavezek Uriberi ohartarazi dio ez dezala Venezuelan gauza bera egiterik pentsatu, hori «gerra kausa izango litzatekeelako». Badaezpada ere, Kolonbiarekiko mugara armadaren hamar dibisio bidali ditu.
Venezuelako presidenteak akusazio gogorrak egin dizkio Uriberi, eta goraipatu egin du Reyes gerrillariaren figura; Reyes 1970eko hamarkadan sartu zen gerrillan, sindikalista zela paramilitarren aldetik mehatxuak jaso ondoren.
Uribe bere hitz zorrotzen jomuga izan du Chavezek, honela: «Lekaioa, gezurtia, oligarka, azpiinperialista, mafiosoa, kriminala, paramilitarra, narkogobernu bateko agintaria, Bushen menpekoa eta Nariño jauregian [Kolonbiako Presidentetzarena] ekiten dion kriminalen talde bateko burua da».
erreaKzIoaK
«FARCen aurkako eginahalekiko erreakzio arraroa da Chavezena»
gordon johndroe
aeb-etako segurtasun nazionaleko eleduna
«FARCen aurka Kolonbia egiten ari den eginahalen aurrean erreakzio arraroa izan du Venezuelako presidente Hugo Chavezek, Bogotako enbaxada itxita eta Kolonbiako mugara tropak bidalita. FARC erakunde terrorista da».
«Hego Amerikan gerra hotsak entzuten ari gara»
fidel castro
kubako presidente ohia
«Inperio yankiaren plan genoziden ondorioz, Hego Amerikan gerra hotsak ozen entzuten ari gara. Deus ez da berria! Aurreikusia zegoen! Krisiagatik Correa ezingo da Habanan hasitako Globalizazio eta Garapenaren Arazoen goi bilerara joan».
«Egoera bere onera etortzeko, zeinahi ekimen sustatuko dugu»
felipe calderon
mexikoko presidentea
«Haien arteko harremanak lehenbailehen beren onera etortzeko, elkarrizketaren alde Kolonbiak eta Ekuadorrek eskatzen diguten zeinahi ekimen sustatuko dugu. Dagozkion mekanismo eta eskualde erakundeen bidez elkarrizketa sendotzeko errespetuzko eskaera egiten du Mexikoko Gobernuak».
«Gaitzetsi egiten dugu subiranotasunari eginiko erasoa»
nicanor duarte
paraguaiko presidentea
«Gaitzetsi egiten dugu Ekuadorren subiranotasunari eginiko erasoa. Herrien lurralde subiranotasunari egiten zaizkion zeinahi eraso gaitzetsi, eta espero dugu gatazka hau konpontzea, eskualdeko bake eta egonkortasuna arriskuan jarri gabe».
«Ban Ki-moon kezkatua dago, tentsioa areagotu delako asteburuan»
michel montas
nbe-ko idazkari nagusiaren eleduna
«NBEko idazkari Ban Ki-moon kezkatua dago, asteburuan Kolonbiaren eta honen auzoko Ekuador eta Venezuelaren artean tentsio eta erretorika areagotu direla eta».